Zarauzko Argazkizale Elkarteak jakinarazi ditu XI. Ramon Serras Argazki Lehiaketa oinarriak eta datak. Hain zuzen, azaroaren 9tik 23ra bitartean bidali beharko dira lehiaketan parte hartzeko argazkiak, eta horien gaia Segundo bat lehenago izango da aurten.
Lehiaketa honetan ohikoa den moduan, argazkilari afizionatuek zein profesionalek parte hartu ahal izango dute aurtengo aldian ere. Pertsona bakoitzak, gehienez ere, lau lan aurkeztu ahal izango ditu Euskalduna tabernan. Hain justu, bertan egingo dute sari banaketa ekitaldia, abenduaren 18an, 18:30ean.
Horrez gain, antolatzaileek ohartarazi dute lanek ezin izango dutela beste lehiaketa batean saritutakoak izan, ezta aldi berean beste lehiaketa batera aurkeztu ere. Hain justu, lehiaketako oinarri guztiak ondorengo lotura honetan kontsulta daitezke.
Hamaika sari
Sariei dagokienez, lehen sarituak 600 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarrenak, 300 euro eta garaikurra; eta, hirugarrenak, 200 euro eta garaikurra. Iaz, Maddalen Serras zarauztarrak eskuratu zuen epaimahaiaren lehen saria.
Horrez gainera, argazkilari elkarteak bi sari gehiago ere banatuko ditu zarauztarren artean: lehen saria 200 euro eta garaikurra izango dira; bigarrena, berriz, 100 euro. Horrez gain, antolatzaileek nahi adina aipamen berezi eman ahal izango dituzte, bakoitza 100 eurorekin sarituak.