Ate joka dugu azaroaren 11rako deitu dugun greba orokorra. Zarautzen lehen eskutik ezagutzen dugu etxebizitzaren arazoaren gordintasuna. Prezioei begiratu azkar bat ematea besterik ez dago: etxe bat erostea ezinezkoa da gehienontzat, eta alokairuan bizitzea ere geroz eta zailagoa da. Metro koadroak 7.000 euro inguru balio ditu gurean, eta penintsulako garestienen artean kokatzen da.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak martxan daramatzan urteotan dozenaka kasu artatu ditugu, eta baieztatu dezakegu Zarautzen ere eguneroko ogia direla etxebizitzaren arazoaren aurpegi gordinenak: etxegabetzeak, etxejabeen abusuak kontratuekin, alokatzeko orduan aplikatzen diren filtro arrazistak eta kalean bizi diren pertsonen egoera. Errentismoa eta espekulazioa hedatuta dauden praktikak dira hemen: etxebizitzaren merkatua horren puztuta egonda, izugarri handitu da jabetzak baliatuz negozioa egiteko interesa. Irabaziak maximizatzeko maizterrak udan etxetik kanporatzen dituztenak ez dira gutxi, ohiko bihurtu baitira sasoiko kontratuak. Eta hemen jabe partikularrak eta higiezinen enpresak dira joko horretatik etekina ateratzen dabiltzanak, ez putre funtsak.
Etxebizitzak espekulatzeko erabiltzen dituzten berberak dira, bestalde, pelotazo urbanistikoen atzetik dabiltzanak: horren adibide argia da Villa Elizabetheko kasua, non, udalaren ezinbesteko laguntzarekin, jabe partikular batek eta eraikuntza enpresa batek sekulako irabaziak lortuko dituzten. Norentzat izango dira han eraikiko diren etxeak? Noizbait argituko da udalak zer irabazi duen operazio horri esker.
Egoera jasanezina da: langile klasea pobretzen ari den bitartean, enpresariek eta espekulatzaileek irabaziak handitzen jarraitzen dute. Saldu digute etxebizitza gehiago eraikita jaitsiko direla prezioak, baina azken urteotako datuek agerian uzten dute hori ez dela horrela: Salberdinen eta Iñurritzan etxe mordoa eraiki arren, Zarautzen %26 garestitu da metro koadroaren prezioa azken bost urteetan.
Ezinbestekoak dira erroko aldaketak. Etxebizitzak bermatutako eskubidea izan behar du, hezkuntzak eta osasungintzak bezala, eta begi-bistakoa da partxeek ez dutela horretarako balio. Bateraezinak dira etxebizitza eskubidea eta etxebizitzaren negozio espekulatiboa. Bata ala bestea aukeratu beharra dago.
Azaroaren 11n funtsezko hiru transformazio aldarrikatuko ditugu: espekulatzaileen jabetzen desjabetzea, jardun espekulatiboaren debekua, eta etxebizitzen antolaketa gizartearen beharren araberakoa eta justua izatea. Ez gaude prest alderdiek euren interesetarako erabil dezaten etxebizitzaren problematika, konponbide errealik planteatu gabe.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik asteak daramatzagu grebarako prestatzen. Urriaren 4an mobilizazio jendetsua egin genuen Zarautzen, baina egun batean mobilizatzearekin ez da nahikoa. Harrezkero, pare bat asanblada ireki egin ditugu, eta ez dira bakarrak izango: ostiral honetan berriro elkartuko gara (Frontoi Txikin, 18:30ean), datorren astean ere antolatuko ditugu ekimenak, eta greba egunean bertan ere kalean izango gara Donostian zein Zarautzen, etxebizitza sindikatuak eta gehiengo sindikala bat eginda.
Espekulazioarekin bukatu, etxebizitza bermatu. Batu greba asanbladetara!