Ainhoa Alberdi: "Butoh-ak barne korapiloak askatzen laguntzen du"

Julene Sorarrain

Ainhoa Alberdi. (Mendi Urruzuno)

Ainhoa Alberdik 'Ixa Bella piztia' dantza emanaldia eskainiko du bihar, Zumaiako Emakumeon Etxean. Butoh mugimendu artistiko japoniarrean du oinarria piezak.

Zumaiako Emakumeon Etxeak antolatuta, zurruntasunaz, heriotzaz eta memoriaz gogoeta egiteko aukera izango da bihar, Ainhoa Alberdi (Zarautz, 1961) dantzariaren eskutik. Ixa Bella piztia izenburupean, butoh estiloko koreografia eskainiko du zarauztarrak, 18:30ean hasita. Emanaldiaren ostean, gainera, solasaldia egingo dute Maite Aizpuruarekin batera.

Zer da butoh-a eta non du jatorria?

Butoh-a 1950eko hamarkadan Japonian sortutako mugimendu artistikoa da. Historiak dio Nagasakiko eta Hiroshimako bonba atomikoek gizartean utzitako mina dagoela kontzeptu horren atzean, baita gizarte japoniarraren izaera itxia ere: mina kanporatzeko beharra sortu zen. Butohari subkontzientearen edo iluntasunaren dantza esaten zaio; azken hori, ikusten ez denaren zentzuan ulertuta. Gure gorputzean geratzen diren korapiloak askatzen laguntzen du; kasu honetan, gerraren ondorioz sortutakoak. Hala ere, ez zen gerraren ondorioz soilik sortu, mugimendu artistiko baten beharrari ere erantzun zion. 

Nortzuk sortu zuten mugimendu hura? 

Tatsumi Hijikata eta Kazuo Ono izan ziren butoharen sortzaileak, eta haiek jarri zioten izena mugimenduari. Hijikata homosexuala zen, eta sortu zuen lehen piezetako bat Onoren semearekin batera egin zuen. Zehazki, homosexualitateari buruzkoa zen, eta sekulako eskandalua eragin zuen. Butohak lazturaren edertasuna erakusten du, ezkutuan dauden gauzak azaleratzen ditu. Nire definizio gogokoenetako bat hau da: norberaren gorputzean giza domestikazioarekin haustea. 

Nola izan zenuen mugimendu artistiko honen berri?

Hamar urte daramatzat butoha lantzen eta horretan sakontzen. Lehen aldiz, aldizkari baten azalean irakurri nuen: Butoh: iluntasunaren dantza. Atentzioa eman zidan, eta ideia hori barruan geratu zitzaidan. Urte batzuk igaro ondoren, bulkada batek berriro kontzeptu horretan murgiltzera bultzatu ninduen. Halako batean, Bartzelonan, butoha praktikatzen zuen emakume batekin egin nuen topo; Japonian ere egona zen. Mezu elektroniko bat idatzi nion, butoha ezagutzeko interesa nuela esanez, eta nik tailer bat antolatuz gero, nirekin batera ikastaro bat ematera etorriko al litzatekeen galdetu nion. Baiezkoa eman zidan, eta Errenterian [Gipuzkoa] elkartu ginen, Dejabu antzerki taldearen lokalean. Hamabi bat lagun bildu ginen, baina, egia esan, jendeak ez zuen askorik konektatu esperientziarekin. Handik urte batzuetara, Gasteizen formazioa egiten ari nintzela, Madrilen butoha sustatu duen Jonathan Martineau ezagutu nuen. Butoh-sofia lantzen du hark. Errenteriara etorri zen, eta harekin ikastaroak egiten hasi nintzenean, etxean bezala sentitu nintzen.

Biharko emanaldiak Ixa Bella piztia du izena. Zer esanahi du izenburuak?

Duela hiru urte, Madrilera gonbidatu ninduten Alma Negra izeneko butoh jaialdira. Ikastaro bat emateko eskatu zidaten, baita hogei minutuko pieza bat sortzea ere. Horren harira sortu zen Ixa Bella piztia. Butoh pieza bat eraikitzeko, hiru zati hartzen ditut kontuan. Lehenengoan, zurruntasunetik abiatzen naiz, nire bizipenetatik sortutako kontzeptutik; zurruntasun horrek autoritarismoa irudikatzen duen figura militar batera eramaten nau. Bigarren zatian, zurruntasunetik lurra galtzera eta norbere buruari eutsi ezin izatera igarotzen gara; norberak bere deabruekin dituen borrokak ere azaleratzen dira. Amaieran, heriotza dago: zerbait amaitzen da, baina beste zerbait jaiotzen da. 

Zer da, zehazki, jaiotzen dena?

Duela urte batzuk, gurasoekin hilerrian nengoela, amak familiakoen errepasoa egin zuen, eta Ixabel aipatu zuen, nire amonaren ahizpa. "Gaixorik zegoen hura", esan zidan. "Baina zer gertatzen zitzaion?", galdetu nion. "Erotuta zegoen; katez lotzen zuten josteko makinara, teilatuetatik ihes egiten saia ez zedin", erantzun zidan. Nik Psikologia ikasi nuen, baina beti egon naiz etiketen aurka. Eszeptikoa naiz garai haietan erotzat jotzen zituzten emakumeei buruzko azalpenekin. Istorio hura entzun ondoren, emakume bat irudikatu nuen nire buruan: biluzik, teilatuz teilatu saltoka, piztia baten antzera, domestikaziotik ihesi. "Hau da nire piezaren amaierako pertsonaia", pentsatu nuen. Autoritarismoa erori da, eta piztia hori agertzen da. Izenburua hitz joko bat da, nire amonaren ahizpa Ixabeli erreferentzia egiten dion hitz jokoa. Azken batean, eromenari egindako oda bat da, erotzat jo zituzten emakume haien omenez.

Zer harreman duzu zuk butoharekin?

Pieza hau interpretatzean, sentitzen dut patriarkatuaren erorketa islatzen duela. Butohak hori lantzen du: giza otzantzearekin haustea. Nire kasuan, nire gorputzaren baitan patriarkatuarekin hausteko prozesua sentitzen nuen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide