Irailaren 30ean aurkeztu zuten Donostian Xabier Lete. 60 Poems liburua, eta azaroaren 12an egingo dute haren aurkezpen ofiziala New Yorkeko (AEB) Columbia Unibertsitatean. Euskal Herritik kanpo Leteren obra ezagutaraztea da antologiaren helburua, eta lan horretan parte hartu du Alex Gurrutxaga zarauztarrak, Lurdes Otaegi irakaslearekin batera. Biek aukeratu dituzte bildumako 60 poemak.
New Yorkeko Sundial House argitaletxeak kaleratu du liburua. Kirmen Uribe idazleak proposatu zuen Leteren obra izatea bilduma berriaren lehen zenbakia, eta Kristin Addis itzultzaileak euskaratik ingelesera itzuli ditu poemak, bitarteko hizkuntzarik erabili gabe.
Gurrutxagaren ustez, liburuaren balio nagusia ez da ingelesezko itzulpena bakarrik, baizik eta proiektua nola sortu den. “Interesgarria da. Izan ere, askotan izan ditugu Hego Euskal Herriko euskarazko argitalpenak Espainiako sistemaren eta Madrilek egiten duen homologatze indarraren menpe”, azaldu du. Oraingoan, ordea, Euskal Herritik zuzenean iritsi da obra AEBetako argitalpen sistemara, gaztelaniatik pasatu gabe.
Horrek aukera ematen du euskarazko literatura nazioarteko irakurleen esku jartzeko, eta, aldi berean, hizkuntza gutxituetan sortutako lanen balioa agerian uzteko. “Hizkuntza txikia izateak ez du esan nahi berrikuntzarik edota produktu interesgarririk ez daukagunik”, gogoratu du Gurrutxagak, Uribek aurkezpenean esandakoak aipatuz.
Ikerketatik antologiara
Gurrutxagaren eta Leteren arteko harremana ez da liburu honekin hasi. Zarauztarrak poetari buruzko tesia egin zuen, eta 2022an, Euskal Herriko bost argitaletxeren elkarlanari esker, Leteren poesiaren eta kantuen bilduma osoa argitaratu zuten hiru liburukitan. Poema liburuak, kantuak eta argitaratu gabeko hainbat testu bildu zituzten edizio hartan.
Zarauztarraren iritziz, argitalpen hura mugarria izan zen Leteren obra bere osotasunean ulertzeko. “Leteren testuak aurkitzea oso zaila zen. Edizio oso horrek corpus sendo bat eman zuen”, azaldu du. Testuak batera irakurtzeak idazlearen ibilbidea eta haren lanen arteko loturak hobeto ikusteko aukera eman zuen. Lan horren ondoren sortu zitzaion Gurrutxagari Columbia Unibertsitateko proiektuan parte hartzeko aukera; izan ere, Uribek berarengana eta Otaegirengana jo zuen, 2022ko edizioan egindako lanagatik.
Erretratu fidela
60 poema hautatzea ez da lan erraza izan Gurrutxagarentzat eta Otaegirentzat. Leteren obra osoa liburu bakarrean jasotzea ezinezkoa zen; horregatik, haren ibilbidearen erretratu ahalik eta fidelena eskaintzea izan dute helburu. Gurrutxagak azaldu duenez, hiru irizpide nagusi hartu dituzte kontuan: irakurlea, poetaren bilakaera eta haren obraren gai nagusiak.
Alde batetik, hartzailea kontuan izatea garrantzitsua izan da. Leteren lanak Euskal Herritik eta euskaltasunetik pentsatuta daude, eta AEBetako merkatua kontuan hartu behar izan dute. Bestetik, poetaren ibilbideko garai guztiak ordezkatzen saiatu dira, hasierako, erdiko eta amaierako lanak uztartuz. Azkenik, haren lanetan behin eta berriz agertzen diren gaiak aztertu dituzte, tartean aberria eta Euskal Herria.
"Leteren obra unibertsala dela uste dut, euskaldun izate horretan", adierazi du Gurrutxagak. Hautaketaren asmoa ingelesez irakurtzen duenak poetaren mundura hurbiltzeko aukera izatea dela kontatu du zarauztarrak, baina haren obra sortu zuen testuingurua galdu gabe. Liburuak, argitalpen akademiko formatua izan arren, irakurle mota guztientzat baliagarria izatea du helburu. Hitzaurreak eta oin oharrek testuak kokatzen eta ulertzen laguntzen dute, Leteren poesia ezagutzen ez duten irakurleei ere bidea errazteko.
Beste urrats bat
Gurrutxagak azaldu duenez, oraingoz ez dute antologia beste hizkuntza batzuetara itzultzeko asmorik. Gainera, "proiektuaren berezitasuna ez dago ingelesera itzuli izanean soilik, baizik eta ekimena AEBetatik sortu izanean", hizkuntza minorizatuetako literaturari lekua egiteko asmoz.
Azaroaren 12an egingo dute liburuaren aurkezpen ofiziala New Yorkeko Columbia Unibertsitatean. Gurrutxaga eta Otaegi ez dira han izango, baina Uribe bai. Zarauztarrarentzat pozgarria da Leteren obra bilduma berri horren lehen zenbakia izatea eta, horrenbestez, euskarazko lanak nazioarteko irakurleen eskura jartzeko beste urrats bat egitea.