Eskubaloiko Espainiako Kopako lehen kanporaketako partida jokatuko du gaur arratsaldean Amenabar Zarautzek Viveros Herol BM Nava taldearen aurka. Aritzbatalde kiroldegian izango da norgehiagoka, 19:30ean hasita, eta kanporaketa partida bakarrera jokatuko dute. Zalantzarik gabe, ez da partida erraza izango zarauztarrentzat, aurkariak Asobal ligan lehiatzen duelako.
Viveros Herol BM Nava sailkapeneko azken postuetan kokatuta dago une honetan, hamalaugarren postuan, hiru punturekin. Baina Amenabar ere momentu delikatuak bizitzen ari da, eta Ohorezko Zilarrezko mailara itzuli denetik ez du partidarik irabazi. Espainiako Kopan lehiatzea opari bat da zarauztarrentzat, eta guztia emango dute beti bezala, zaleen berotasunaren babesarekin.
Hala eta guztiz ere, argi dute taldearen helburu lehena liga dela eta horretan zentratu nahi dute. Dinamika onarekin heldu eta garaipenak lortzen hasi. Larunbat honetan Antequeraren aurka neurtuko dituzte indarrak, etxetik kanpo, 18:30ean; aurkaria sailkapenaren hamalaugarren postuan dago, partida bakarra irabazita.