«Xanduli manduli kirrikiki, eman jatekoa guri». Jalgi dantza taldeak bosgarren urtez ospatuko du Gau Beltzaren jaia, larunbat honetan, Santu Guztien Egunaren bezperako gauean. Urtero bezala, herriko hainbat eragile batuko dira egitasmora –Alproja, Zarautztrik, Motxian-Etxebeltz Bertsogunea eta Gurutxurtu aisialdi taldea–, eta guztien artean, jaiaren euskal jatorria berreskuratze aldera, ikuskizun berezia eskainiko dute.
Aurten, Villa Mundatik abiatuko da Jalgi dantzarien kalejira, 19:00etan, Alprojako antzezleekin batera. Gipuzkoa kaletik jarraituko dute eta Kale Nagusitik Musika Plazara iritsiko dira, ondoren Zigordia kaletik udaletxe alderantz jotzeko. Azkenik, festa amaierako ekitaldi nagusia egingo dute Lege Zaharren Enparantzan, dantzarien, antzezleen eta bertsolarien parte hartzearekin.
Bukaerako saioa biribiltzeko, gaztainak banatuko dituzte bertaratzen diren guztien artean, eta Zarautztrikek festa luzatuko du plazan, herritar denentzako irekia izango den erromeriarekin. Era berean, antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte festan parte hartzera, eta ibilbidera mozorrotuta agertzeko deia egin dute. Horretarako, etxetik hartutako edozein trapuk balio duela azaldu dute, betiere aurpegia estalita.
Bestalde, Gurutxurtu aisialdi taldeak Zarauzko hilerrian lapurreta ekimena antolatu du larunbat iluntzean, Villa Munda eraikinean. 21:30ean hasita, 10 minutuko ibilbide beldurgarriak egingo dituzte eraikineko geletan barrena.