Errelebo falta tarteko, Tolosako komentua itxi, eta han geratzen ziren hiru fraide frantziskotar ordena erlijioso bereko Zarauzko komentura lekualdatu dituzte. Joan zen larunbatean egin zuten agur ekitaldia Tolosako San Frantzisko elizan, Fernando Prado Gipuzkoako gotzainaren gidaritzapean.
Tolosako komunitatean bizi ziren hiru elizgizonak Juan Jose Muniain parrokoa, Jose Luis Agirretxe errezildarra eta Florentino Arruti urrestildarra dira, eta haiek dagoeneko Zarauzko komentuan bizi dira. Gainera, Tolosako frantziskotarren komentua udalaren jabetzakoa izatera igaro da, 400 urtez frantziskotarrena izan eta gero.