Zarauzko Udalak Merkatu Plazako lau postu berri atera ditu lehiaketara. Dagoeneko zabalik dago proposamenak aurkezteko epea, eta hamabost egunez izango da eskaerak egiteko aukera, udaleko Ondare edo Ingurumen sailetan. Postuen kudeaketaren ardura hartzen dutenek 25 urtez aritu ahal izango dute horretan, eta udalak azaldu duenez, lehentasuna emango diete bertako produktuak eskaintzen dituztenei. Zehatzago esanda, Zarauztik 150 kilometro baino gutxiagor ekoiztutako produktuak saltzen dituztenei.
Gipuzkoan dauden merkatuen artean, Zarauzkoa da bizienetako bat, eta udalak, zuzeneko hartu-emanarekin eta bertako produktuekin duen konpromisoan sakontzeko atera ditu lehiaketa publikora lau postu berriak. "Zarauzko merkatuan badago bizia, badago jendea eta beren negozioa hemen martxan jarri nahi dutenentzat aukera zabaldu dugu", adierazi du Inaxio Illarramendi zinegotziak.