Badira egun batzuk eskolaz kanpoko ekintzen gaia buruan daramadala. Azken urteotan olatu bortitz bat bezala iritsi da fenomeno hau, eta iruditzen zait ongi deskribatzen duela gaur egungo gizartea. Dena da azkar, dena aurrerantz, geldirik egon eta bizitza ikusteko astirik gabe.
Hamarkada berriko haurrek Wall Street-eko broker onenen pareko asteko agenda estua izaten dute. Eskolan guk lanean beste denbora pasatzearekin nahikoa ez, eta arratsaldero dituzte klaseak: judo dela, igeriketa dela, hain garrantzizkoa jotzen den ingelesa, biodantza, mekanografia, marrazketa, josketa… amaiezina izango litzateke zerrenda.
Honek guztiak zalantza eta mugimenduak sortzen dizkit barnean. Alde batetik, hauetariko ekintza asko ondo datozkie haurrei, izerditu, gorputzean daramatena askatu eta pertsonekin harremantzeko. Baina, beste aldetik, galderak sortzen zaizkit: Noiz jolasten dute haur hauek? Noiz egoten dira geldirik? Noiz aspertzen dira? Noiz egon familiarekin? Noiz binkuluak landu? Noiz natura maitatu?
Gaur egungo gizarteak gelditzeko beldurra daukala iruditzen zait. Gelditu eta bizitza berez den bezalakoa dastatzeko beldurra: aspertu, egon, ikusi, aztertu… Azken finean, botereak ezartzen digun erritmoa desafiatu eta gelditzekoa. Benetan gelditzekoa.
Ez da erraza, ordea. Kapitalismo basatiak gero eta gehiago estutzen ditu gure familiak, eta gero eta kide gehiago daude behartuta jardunaldi osoan lan egitera. Honek asko zailtzen du haurren zaintza, hori ukaezina da, eta horretan asko enpatizatzen dut.
Egoera honen aurrean haurren gehiengo handi bat jangelan geratzen da, bere eskolako jarduna zortzi ordu ingurura luzatuz; alegia, heldu gehienon lanaldi berbera. Eguerdian jolaserako tarte luzea izaten dute, baina aspertuko diren beldur edo, haietako askok beste klase bat jasotzen dute. Gutako zein joango litzateke eguerdiko atsedenean edo lanaldi osoa egin eta gero ingelesa ikastera?
Maite dudan jende askok egin du eskolaz kanpoko ekintzen aldeko hautua, baita beste askok klase hauek eskaintzekoa ere. Azken hauek aipatzen dutenez, eguerdietan oso zaila da haurrei klaseak ematea, euren onetik irtenda egoten direla diote. Ez ote da izango jolaserako duten beharra agerian geratzen dela? Jolasak, jolas libreak, hain sinplea ematen duen horrek, egun guztian bizitakoa erregulatu eta sendatzeko aukera ematen die haurrei. Lehen mailako beharra da, eta aintzat hartu beharko genukeela iruditzen zait.
Tamalez, gaur egungo bizimoduak beste abiadura bat darama, eta haurrak abiadura horretara ohitzen ari gara nahi gabe. Irakasle eta gainontzeko profesionalak kexu dira haurrek ezin dutelako geldirik egon, ez dutelako entzuten edota arreta jartzen. Nola egongo dira ba geldi, hori egiten inoiz ikasi ez badute? Nola, aste osoa atzera eta aurrera pasa eta asteburuetan gurasoen beharrak asebetetzeko erritmo berdina jarraitzen badute?
Nik jendearen erabakiak errespetatzen ditut, baita ulertzen ere. Baina hausnartu beharko genuke zein beharretatik apuntatzen ditugun gure haurrak hainbeste ekintzetara.
Askotan beldurra izaten da, igerian ez jakitekoa, besteak baino gutxiago izatekoa edota hizkuntza akademia pribatuek eskola arautuan ezarri duten erritmoa ez jarraitzekoa. Izan ere, sei urterekin triatleta edota eleaniztuna ez den haurra seinalatu egingo du gizarteak. Eta gaizki pasako du. Beldur guzti hauek nik ere baditut barruan, ulertzen ditut.
Beldurrez gain, haurren lehiakortasuna eta produktibitatea lortzea ere egon daiteke erabaki hauen atzean. Gizartean ondo funtziona dezaten, etorkizunean lan konpetente bat izan dezaten… Hau oso arriskutsua da, ezin ditugu haurrak lehiakide eta produktu egin. Haurrek haur izan behar dute. Edo ideia arraro hori daukat nik behintzat nire barnean.
Akaso niri ere etorriko zait olatu hau, eta ziurrenik nire haurrak adieraziko dit ekintza askotara joateko gogoa duela. Nire ustez hor guri dagokigu galga jartzea, oreka bilatzen saiatuz ekintza horien, eskola orduen eta jolas nahiz presentzia momentuen artean.
Ez da erraza sartu diguten abiadura geldiaraztea, beldurra ematen du. Agian ekonomikoki ere galera bat ekar dezake. Baina gaur egungo haurrek, nahiz eta beraiek kontrakoa eskatu, merezi dute guk gure garaian izan genuen aspermen eta jolas librerako tarte luzeetan naturalki garatzeko aukera eskaintzea. Nik, guraso eta hezitzaile bezala, horren falta sumatzen diet.
Jolas gaitezen, aspertu, hitz egin eta elkar elikatu. Eta gizartearen abiadura desafiatu, bizi baldintza hobeak borrokatuz eta benetan balioa daukanari denbora eskainiz.