Asteburu gazi-gozoa eskubaloiko lehen taldeentzat

Eneko Eizagirre Perez

Aiala Zarautzekin jokatutako partidu bat. (Luis Epelde)

Garaipen garrantzitsua lortu zuen emakumezkoen lehen taldeak Aritzbatalde kiroldegian. Gizonezkoen taldeak ere etxean jokatu zuen partidua baina ez zuen lortu punturik Oviedoren aurka.

Eskubaloi maila bikainez bete zen Aritzbatalde kiroldegia larunbat arratsaldean, izan ere, bertan izan ziren Zarauzko eskubaloiko lehen bi taldeen partidak. 17:30ean hasi zen emakumezkoen jokaldia Lobas Alimerka Oviedo taldea zutela aurkari. 19:30ean izan zen gizonezkoen hitzordua Confia Base Oviedoren aurka. Egun gazi-gozoa izan zen, emakumezkoek garaipena eskuratu baitzuten, gizonezkoek, berriz, porrota mingarria jaso zuten.

Gogotsu ekin zioten norgehiagokari Zarauzko emakumeek. Partiduko lehen gola kanpoko taldeak sartu bazuen ere, maila antzekoa eskaini zuten bi aldeetako jokalariek. Hala ere, ez zen nahikoa izan etxeko taldearentzat, izan ere, bi goleko aldearekin amaitu zuten lehen zatia, zehazki, Oviedoko taldearen aldeko 13-15eko emaitzarekin. Atsedenalditik indarrez sartu zen pistara etxeko taldea, eta, besteak beste, Elene Omaetxebarriaren eta Lore Martiarenaren hainbat golekin, bigarren zatian emaitza iraultzea lortu zuten Mikel Alzagak entrenatutako neskek. 24-22ko emaitzarekin, Zarautzen geratzen dira eskuratutako bi puntuak eta denboraldi hasiera positibo bat osatzen dute garaipen honekin, izan ere, sailkapeneko bostgarren postura igotzea lortu du taldeak.

Gizonezkok jokatutako norgehiagokak ez zuen izan amaiera atsegina etxeko taldearentzat. Lehen zatian, maila parekoa erakutsi zuten bi taldeek eta abantaila txiki batekin joan zen atsedenaldira Oviedoko taldea, 14-15eko markagailuarekin. Bigarren zatirako, etxeko taldeak defentsa indartu zuen baina aurkariek golak sartzen jarraitu zuten. Aitor Zulaikak Zarauzko jokalariak bigarren zati bikaina osatu zuen eta markagailua berdintzea lortu zuten Mikel Agirrezabalagaren jokalariek. Azken minutuetan kanpoko taldeak bi puntuak eskuratzea lortu zuen 31-33ko emaitzarekin. Jokaldi honekin, talde zarauztarrak ez du lortu denboraldi hasierako emaitza kaxkarrak iraultzea eta sailkapeneko beheko postuetan jarraitzen du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide