3-0eko emaitza bana eskuratu dute futboleko lehen taldeek

Eneko Eizagirre Perez

Emaitza bikainak lortu dituzte futboleko lehen taldeek asteburu honetan. Gizonezkoen taldeak 3-0eko emaitza eskuratu zuen etxean Añorgaren aurka. Emakumezkoen taldeak ere markagailu berdinarekin bukatu zuen jokaldia, kasu honetan, CD Alegria taldearen zelaian.

Asteburu borobila izan da futboleko lehen taldeentzat, izan ere, garaipen garrantzitsuak eskuratu dituzte gizonezkoen eta emakumezkoen taldeek. Maila handia erakutsi zuten bi jokaldietan: gizonezkoek etxean lortu zuten garaipena Añorgaren aurka eta emakumezkoek, berriz, CD Alegriaren zelaian eskuratu zituzten hiru puntuak. 

Larunbatean jokatu zen Asti zelaian futboleko gizonezkoen partidua Añorgaren aurka. Partidu gogorra aurreikusten zuten etxeko jokalariek eta indarrez sartu ziren partidura. Bi taldeek aukera gutxi izan zituzten lehen zatian, baina azken jokaldian iritsi zen Zarautzen lehen gola Arregiren eskutik. Bigarren zatian 1-0eko emaitza handitzeko asmoarekin sartu ziren zelaira eta hala izan zen.  Partiduko beste bi golak ere Arregik sartu zituen. Garaipen honekin, hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditu taldeak sailkapeneko lehen postuari heltzen jarraitzeko.

Emakumezkoen partidua ere golez beteta egon zen Zarauzko taldearen alde. 0-3ko emaitzarekin amaitu zen CD Alegriaren etxean jokatutako partidua eta emaitza honekin, azken jardunaldietako maila bikaina mantendu dute taldeko emakumeek. Azken bi jokaldietan bost gol sartu ditu taldeak eta ez du golik jaso. Honela, taldearen momentu ona nabarmendu dute taldeko jokalariek.

Maila bikaina erakusten ari dira Zarauzko bi taldeak denboraldi hasieran eta asteburuko garaipen garrantzitsuarekin, datorren asteko partiduetan aldeko emaitza hauek mantentzeko helburuarekin jarraituko dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide