Uraren indarretik memoriaren ondarera

Ondharez

Olaa errotako errotapea. (Ondharez)

Ondharez elkarteak urriko Zarautz Guka aldizkarirako idatzitako erreportajean Olaa errota eta haren turtukia izan ditu ardatz.

2026ko Ondarearen Europako Jardunaldiek, Ondarea arriskuan lelopean, gure ondarea zaintzearen eta hari balioa ematearen inguruko hausnarketa sustatzea dute helburu. Testuinguru horretan, Ondharez Zarauzko ondare kulturalaren elkarteak mahai ingurua antolatu du urriaren 20rako; Antoniano aretoan izango da, gai horren inguruan herritarren artean gogoeta eta eztabaida bultzatzeko.

Mahai inguru horren harira, Zarauzko ondareari buruzko hainbat galdera sortzen zaizkigu: zer jotzen dugu ondaretzat? Zer dago arriskuan? Nola eragiten diote turismoak eta hirigintzak? Eta zer ondare utziko diegu etorkizuneko belaunaldiei? Batez ere, zer egin dezakegu herritarrok ondarea ezagutu, baloratu eta babesteko?

Galdera horiek guztiek, azken finean, ondarearen beraren kontzeptuaz hausnartzera garamatzate. Zarautz Guka aldizkariaren 12. alean argitaratutako Ondarea atzo, gaur eta bihar artikuluan azaldu bezala, ondarea ez da errealitate estatiko edo aldaezin bat; gizarte bakoitzak une historiko bakoitzean eraikitzen eta berrinterpretatzen duen kultura kontzeptua da. Horregatik, gaur ondaretzat jotzen duguna ez da zertan gauza bera izan etorkizunean ere.

Artikulu hartan ondarearen kontzeptuaren bilakaera historikoa aztertu bazen ere, oraingoan ikuspegi hori Zarauzko adibide zehatz batera ekarri nahi dugu. Izan ere, ondarearen esanahia hobeto ulertzen da herritarrek balioa eman dioten elementu jakin bati erreparatzen diogunean. Zarauzko dorretxeak, elizak edo aztarnategi ospetsuak ondaretzat ditugun arren, askotan eguneroko bizitzaren arrasto xumeetan ere aurki daiteke ondarearen balioa. Horietako bat da Olaa errotaren funtzionamendurako funtsezkoa izan zen gurpil eragilea edo turtukia.

Mendeetan zehar, errotak garrantzi handiko elementuak izan ziren herriko ekonomian eta eguneroko bizimoduan. Haietan lanean aritzen zirenen ikuspegitik, errotako osagai eta tresnak ez ziren ondarea, lanerako tresna hutsak baizik; alea ehotzeko beharrezkoak ziren pieza praktikoak.

Denboraren joanarekin, ordea, erroten funtzio ekonomikoa galduz joan zen, eta haietako asko desagertu edo eraldatu egin ziren. Testuinguru horretan, Olaako errotaren turtukiak beste esanahi bat hartu du. Gaur egun, jada ez du bere jatorrizko funtzioa betetzen, baina bai iraganaren lekukotasunarena. Pieza horrek Zarauzko bizimoduaren, ekonomiaren eta teknologiaren zati bat gogorarazten digu.

Ezkerretik eskuinera, Pako Galarraga eta Iñaki, Inaxio Asteasuinzarraren biloba, atzealdean errotari ospetsuaren argazkia dutela (Oiartzungo Arraskuko errotan, 2026/04/13) .

Olaa errotako turtukiaren kasuak galdera interesgarri batera garamatza: gaur egun gure inguruan dauden zein elementu arrunt bihurtuko dira etorkizuneko ondare? Zer ari gara galtzen edo baztertzen, gaur egun balio berezirik ematen ez diogulako? Izan ere, ondarea ez da soilik jasotzen duguna; hautatu, interpretatu eta belaunaldi berriei transmititzen dieguna ere bada.

Olaa errotari lotutako jakintzak, oroitzapenak eta bizipenak hobeto ezagutzeko, ezinbestekoa iruditu zaigu lekuarekin lotura estua izan duen norbaiten lekukotasuna jasotzea. Horretarako, 1940ko hamarkadan Olaa errotan jaiotako Pako Galarragaren testigantza baliatuko dugu. Haren ezagutzetatik abiatuta, errotako errotapean kokatzen den turtukiaren iragana eta esanahia argitzen saiatuko gara.

Pako Galarragak oraindik ere gogoan ditu haren aita Patxi zenak Antxon Agirre Sorondori 1980ko irailaren 9an egindako bisitan emandako azalpenak. Bere oroitzapenen artean, bereziki aipatzen du Oiartzungo Inaxio Asteasuinzarrak 1944an bertan egindako berrikuntza handia. Izan ere, hasieran errotari energia elektrikoz eragitea aurreikusita bazegoen ere, Asteasuinzarrak ur bidezko eragite sistema berritzaile bat ezarri zuen. Horri esker, alea ehotzeaz gain, etxerako argindarra ere sortzen zuten.

Errotan egindako berrikuntzak gaur egun ere erraz identifika daitezke. Nabarmenak dira bi espaziotan banatutako errotapea, urari irteera ematen dion isurbidea, txinboa eta turtukia; guztiak ere garai hartako baliabide eta bitartekoekin egindako obraren lekuko dira.

Elementu horien artean, adierazgarria da Pelton motako turtukia, Antxon Agirre Sorondoren arabera Gipuzkoako errotetan neurtu den handiena. Sistema modernizatzeko eta uraren energia eraginkortasun handiagoz aprobetxatzeko erabili zuten.

Turtukia errotapean horizontalean kokatzen den pieza biribila da. Txinbotik datorren uraren indarra jasotzean biraka hasten da, eta sortutako mugimendua ardatzaren bidez goiko errotarrira transmititzen du; horrela, uraren energia mugimendu mekaniko bihurtzen da eta errota martxan jartzen da. Antzina turtukiak gehienbat egurrezkoak baziren ere, XIX. mendetik aurrera burdinazkoak nagusitu ziren, iraunkorragoak eta eraginkorragoak zirelako.

Turtukia ondare materialaren adibide esanguratsua bada ere, haren benetako balioa piezan ez ezik, hari lotutako jakintzetan eta oroitzapenetan ere badago. Pako Galarragaren testigantzak memoria horren zati bat gorde du. Horietako batzuek Inaxio Asteasuinzarraren lanerako grina eta ofizioaren zorroztasuna erakusten dituzte.

Ezkerretik eskuinera, Arraskuko errotako Iñaki Asteasuinzarra, Olaa errotako Pako Galarraga eta Juani Aiestaran, eta Yurrita errotako Mari Carmen Nazabal (Oiartzungo Arraskuko errotan, 2026/04/13).

Kontatzen duen pasadizoetako batean, Inaxiok errotapeko harkaitza lantzeko pikatxoiaren falta sumatu zuen, eta Jose Mari semeari Oiartzungo etxera bizikletaz joan eta hurrengo goizerako ekartzeko eskatu zion.

Beste oroitzapen baten arabera, Inaxiok harri pikatze lanetara ez zion Pako mutikoari, txikitan, gehiegi hurbiltzen uzten. Garai hartan Pakok ez zuen debeku haren arrazoia ulertzen, baina gaur egun uste du zuhurtziaz hartutako neurria zela, pikatze lanetan askatzen ziren harri printzak eta txinpartak arriskutsu izan baitzitezkeen umearen begientzat.

Pakoren oroitzapenek erakusten dute Olaa errota ez dela eraikin hutsa, jakintza, lanbide eta bizipenen gordailua baizik. Balio hori aitortuta, Zarauzko Udalak katalogatutako ondare elementutzat dauka eta babes araubide baten pean dago.

Hala ere, ondarearen benetako balioa ez da soilik katalogoetan edo babes araudietan jasotzen. Aurreko zenbakian azaldu bezala, ondarea ez da objektu hutsa, komunitate batek hari ematen dion esanahia baizik; hari lotutako oroitzapenek, lekukotasunek eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren ezagutzek ematen diote zentzua. Horren adibide argia da Olaa errotako turtukia. Gaur egun jada ez du bere jatorrizko funtzioa betetzen, baina Zarauzko iragan industrialaren, lanbideen eta memoria kolektiboaren lekuko bizia da. Azken finean, ondarea zaintzea ez da iraganari begiratzea bakarrik; gure historia ulertzeko giltzak etorkizuneko belaunaldiei transmititzea ere bada. Turtukiak gogorarazten digu baloratzen, ezagutzen eta zaintzen den ondareak dituela etorkizunera iristeko aukerarik handienak. •

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide