Arkamurka elkartearen eta Zarauzko Udalaren ekimenez, Francisco Jose Vaquero Robustillok zuzendutako Ladrones de Fuego dokumentalaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek ostegun honetan, Modelo aretoan. 19:00etan hasita, baso-suteen eta landa-eremuaren abandonoaren inguruan hausnartzea izango du helburu 85 minutu iraungo dituen dokumentalak. Proiekzioa gaztelaniaz izango da, eta dokumentala ikusi ondoren, gaiaren inguruko solasaldia izango da dokumentalaren egilearen eskutik.
Dokumentalak mendeetan zehar artzainek, nekazariek eta baserritarrek suarekin izan duten antzinako harremana aztertzen du, eta horretarako, hainbat lekukotza biltzen ditu. Garai batean, sua mendiak garbitzeko, paisaia moldatzeko eta sute handiak prebenitzeko tresna baliagarria zen. Gaur egun, ordea, bulegokraziaren oztopoek eta landa-eremuaren abandonuak tresna hori kendu diete bertako biztanleei. Landa modu aktiboan kudeatzen ez bada, udako suteak gero eta handiagoak, suntsigarriagoak eta geldiezinagoak izango direla ohartarazten du dokumentalak.