Zarauzko Udalak Itulazabalgo Arboretoaren proiektua amaitu du

Enara Ariznabarreta

Itulazabalgo hezegunea. (Zarauzko Udala)

Guneak udalerriko zuhaitz eta zuhaixken aniztasuna ezagutzeko aukera ematen die herritarrei, eta naturaz gozatzea, ingurumen hezkuntza eta biodibertsitatearen kontserbazioa uztartzen ditu.

Zarauzko Udalak amaitu du Itulazabalgo Arboretoaren proiektua, eta dagoeneko herritarrek gunea bisitatu dezakete. Honen abiapuntua Zarautzen dauden hainbat zuhaitz eta zuhaixka toki berean biltzea izan da, espezieak identifikatzen laguntzeko eta natura herritarrei zein bisitariei hurbiltzeko. Abendañoko udal baratzeen ondoan kokatuta, paseatzeko eta udalerriko natura ondarea ezagutzeko aukera bikaina da.

Eraztun Berde Urdinaren barruan

Arboretoa Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren barruan dago kokatuta. Guneak uretako biodibertsitatea kontserbatzen laguntzen duten urmaelak ditu, eta ekosistema txiki horiek Arboretoaren ingurumen balioa indartzen dute, hezeguneen eta haietan bizi diren izakien garrantzia ezagutzeko aukera eskainiz. Gainera, guneak seinaleak eta informazio panelak izango ditu ibilbidea bideratzeko eta espezieak identifikatzeko. Hala, bisitariek beren erritmoan ezagutu ahal izango dituzte Arboretoa eta inguruko natura balioak.

Gloria Vazquez Eraztun Berde Urdinaren proiektuaren ardura duen zinegotziak nabarmendu du Arboretoak “naturguneen sarea aberasten” duela, eta herritarrei haren balioa hurbiltzen laguntzen diela. “Zarauztarrek Eraztun Berde Urdina ezagutzea, hartaz gozatzea eta hura zaintzea nahi dugu”, adierazi du.

Inaxio Illarramendi Ingurumeneko zinegotziak, bere aldetik, Patxi Elolak, Lorezaintzako zinegotzi izan zenak, hasitako lanari jarraipena ematearen garrantzia azpimarratu du. “Proiektu hau Patxiren bultzadari esker abiatu zen, eta orain lan hori amaitu dugu, zarauztarrek guneaz gozatu ahal izan dezaten”, nabarmendu du.

Illarramendiren hitzetan, ingurunea zaintzeko ezinbestekoa da herritarrei hurbiltzea: “Gertuan duguna ezagutzen dugunean, hobeto ulertzen dugu zergatik merezi duen hura babesteak”. Ildo horretatik tiraka, Arboretoak “berdeguneak nahiz biodibertsitatea zaintzen dituen Zarautz baten aldeko” konpromisoa indartzen duela azpimarratu du.

Amaitzeko, Illarramendik Itulazabalera hurbiltzera animatu ditu herritarrak, Arboretoan lasai ibiltzera eta urteko sasoi desberdinetan ezagutzera. Izan ere, haren esanetan, proiektua amaituta egon arren, “hazten eta aldatzen jarraituko duen gune bizia da”, eta udalak herriko bizitzaren parte izatea nahi du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide