Udaltzaingoaren bizikletan argiak eramateko kanpaina martxan da

Enara Ariznabarreta

Bizikleta bat, atzeko argiarekin. (Intza Trula)

Segurtasun elementuen erabileraren inguruko kontrolak egiten hasiko da Udaltzaingoa. Kanpainaren helburua segurtasun elementu hauen erabilera egokia sustatzea da.

Zarauzko Udalak bizikletan segurtasun elementuak eramatearen garrantziaz kontzientziatu nahi ditu herritarrak eta, batez ere, gazteak. Horregatik, iaz bezala, aurten ere gaia lantzeko kanpaina abiatu du. Horretarako, bizikleta erabiltzaileak eta ibilgailu motordunak gehien elkartzen diren puntuak identifikatuta dituzte, eta gune horietan kontrolak areagotuko dituzte, 

Asteburu honetan, larunbatetik iganderako gauean, ordutegi-aldaketa egingo da berriro, eta "horrek eragin zuzena izango du gure kaleetako mugikortasunean". Argi gutxiago egongo da, beraz, kontu handiagoz ibili beharko dute herritarrek. Horregatik, "garrantzi handiagoa izango du segurtasun elementuak erabiltzea bizikletaz mugitzean, batez ere argiak, nahitaez erabili behar baitira".

Gervasio Gabirondo Hiri Segurtasun zinegotziak jakitera eman duenez, "hasiera batean, agenteek bizikletako argiak erabiltzearen nahitaezkotasunaren berri emango diete erabiltzaileei". Ondoren, araudia betetzen ez dutenak zigortzeko neurriak hartuko dituzte. Gainera, segurtasun elementu hauen erabilera egokia ere sustatuko dela nabarmendu du, "Udaltzaingoak jokaera egokiak ere sarituko baititu”.

Gabirondok gogorarazi du "argiek ikusgarriago egiten gaituztela ibilgailu motordunen gidarien begietara, eta horrek, zalantzarik gabe, istripu baten aurrean damutu beharra saihestuko duela". Halaber, istripuren bat gertatuz gero, "elementurik ahulena bizikleta da", eta gidariak "gaizki irteteko arrisku handiena" du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide