Zarauzko ordainlekuan portiko berria instalatuko dute gaur, eta lan horiek eragina izango dute herrirako sarrera-irteeran. Hain zuzen, 21:00 aldera hasiko dira portiko berria altxatzen eta bere lekuan kokatzen, eta une horretatik aurrera Zarauztik Donostiara joateko sarrera eta handik Zarautzen ateratzeko irteera itxiko dituzte.
Aurreikusi dutenez, lan hauek larunbatean 09:30ean amaituta izango dituzte, eta, beraz, tarte horretara arte, gutxienez, itxita egongo dira aipatu sarrera-irteerak. Hala ere, Bidegik gogorarazi du ordutegiak "gutxi gorabeherakoak" direla; hau da, luzatu edo moztu daitezkeela.
Hori horrela izanik, Bilboko norabidean Zarautzera sartu nahi dutenek AP-8ko Orioko irteera erabili beharko dute, eta jarraian N-634 errepidea Orio gainetik Zarautzera joateko. Zarauztik Behobiako norabidean AP-8ra sartzeko, N-634 errepidea erabili beharko dute Orioko lotuneraino.
Portiko berria jartzeko lanak ordainlekua berritzeko lanen azken fasearen erdian kokatzen dira. Irailaren erdialdean markesina zaharraren azken zatia eraisteko eta portikoa eusteko bi zutabeak jartzeko lanak egin zituzten, eta ordutik beste bi bide eraikitzeko hasierako lanak egin dituzte. Bidegik 3,4 milioi euroko inbertsioa egingo du Zarauzko ordainlekua berritzeko.