Gabonetako argiteria instalatzeko lanekin hasiko dira bihar gauean

Erredakzioa

Gabonetako argien piztuera ekitaldia, iaz, Musika Plazan. (Intza Trula)

Ximenez Noreste S.L. enpresa arduratuko da lan horiez,69.454 euroko aurrekontuarekin. Instalazio lanak bi fasetan gauzatuko dituzte: alde batetik, alanbreen eta argindar kableen lanak gauzatuko dute, eta, bestetik, apaingarriak jarriko dituzte.

Aurtengo Gabonetan ere argiz beteko dira Zarauzko kaleak, eta hori hala izan dadin, aurrez instalazio lanak egin behar izaten dira. Zarauzko Udalak jakitera eman du lan horiek bi fasetan egiten dituztela: lehenengo fasean alanbreen eta argindar kableen instalazioa egin, eta bigarrenean apaingarriak jarri. Hain justu ere, lehen faseari helduko diete bihar gauean, eta 22:00etatik 07:00etara ariko dira instalazio lanetan.

Udalak lehiaketa bidez esleitu dio Ximenez Noreste S.L. enpresari Gabonetako argiak alokatzeko eta instalatzeko ardura, 69.454 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin. Enpresaren aurtengo berritasun nagusia Amalur parkean izango da ikusgai, izan ere, 18 metroko altuera izango duen Gabonetako zuhaitz baten egitura jartzeko asmoa du, iaz leku berean jarritakoaren bikoitza.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide