Ostiralean ospatuko da Merkatua Bizirik elkartearen urteurren festa

Eneko Eizagirre Perez

Merkatua Bizirik urteurren festa (Aritz Mutiozabal)

Bertako produktuak dastatzeko aukera bikaina eskaintzen dute Merkatua Bizirik elkarteko kideek egitasmo honetan. Ostiralean, 18:00etan hasiko da elkartearen urteurren festa Merkatu plazan.

Merkatua Bizirik elkartearen urteurren festa ospatuko dute merkatu plazan ostiral honetan 18:00etan. Bertako sagardoa, sagar zukua, eta lumagorri oilasko hegalak probatzeko aukera egongo da ospakizunean, eta euro baten trukean, pintxo potea jarri dute elkarteko kideek. Horrez gain, ZarautzTrik taldea arituko da arratsaldea girotzen, urteurren festa borobil bat osatuaz.

Eguneroko erosketetan merkatuko saltzaileengan jarritako konfiantzagatik, euren bezeroei eta herritarrei eskerrak ematea da elkartearen helburua aurtengo festa honetan ere. Gero eta supermerkatu handi gehiago daude herrian, baina Merkatu plazako baserritar zein dendariek lanean jarraitzen dute, gertutasunean, euskarari bere garrantzia emanez.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide