Iaz baino milioi bat euro gehiago jasoko ditu Zarauzko Udalak Foru Funtsetik

Nerea Uranga

Zarauzko udaletxea. (Guka)

2026rako Udal Finantzaketarako Foru Funtserako diru bilketaren hasierako aurreikuspenak aldaketak izan ditu, eta udalerriek aurreikusitako kopurua baino gehiago jasoko dute. Zarauzko Udalak iaz baino milio bat euro gehiago jasoko ditu Foru Funtsetik, itxiera aurreikuspenaren arabera; guztira, 22,4 milioi euro izango dira.

Gipuzkoako "ehun ekonomikoa indartsu" dagoela, eta horrek foru erakundearen hasierako aurreikuspenak gainditzea ahalbidetuko duela esan dute Eider Mendoza Gipuzkoako foru diputatuak eta Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako diputatuak. Joan den astean eman zuten lurraldeko ekonomiaren portaeraren berri, Gasteizen egindako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan. 2025eko urrian egindako kalkuluak baino %1,3 diru gehiago bilduta ixtea espero dute urtea, lurraldeko foru arduradunek. "2025eko itxierarekin alderatuta, aurten bilketa %5,3 handitzea aurreikusten da, hau da, aurreko ekitaldian baino 355 milioi euro gehiago biltzea", azaldu dute foru agintariek.  2027. urteari begira, %5,7ko igoera aurreikusi dute Gipuzkoako lurraldeko diru bilketan; beraz, 2026ko itxiera aurreikuspenarekin konparatuta, 401 milioi euro gehiago bilduta eta 7.481 milioi eurora iritsita.

Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari dagokionez, Agirre diputatuak Gipuzkoako Finantza Kontseiluan azaldu zituen datuak. Diputatuaren arabera, 2025ean 730 milioi euroko zuzkidura izango du Foru Funtsak, hasierako diru bilketaren aurreikuspenean jasotakoa baino 9,1 milioi euro gehiago. Udalek diru gehiago jasotzea diru bilketaren bilakaera positiboari esker dela azpimarratu du Agirrek. Zarautzek aurten iaz baino 1.012.271 euro gehiago jasoko ditu Foru Funtsetik, itxierako aurreikuspenaren arabera. 2025ean 21.389.605 euro jaso zituen, eta aurten 22.401.876 euro aurreikusi dituzte itxieran. Zarauzko biztanle bakoitzeko 953 euro.

Datorren urteko aurreikuspenei dagokienez, 2027ean %5,79 haztea espero dute Udal Finantzaketarako Foru Funtsa. Hala, 2027ko ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak 771,4 milioi euro emango dizkie lurraldeko udalerriei, 2026ko ekitaldiko likidazio aurreikuspena baino 42,1 milioi euro gehiago. Zarautzek 2027an 23.878.452 euro jasoko dituela aurreikusi dute.

Udala Likidazioa
2025
Aurrekontua
2026
Itxiera aurreikus. Betetze maila Aldakuntza
2025/2026
Biztanleko euroak 2027rako aurreikuspena
Aia 1.983.953 2.030.194 2.055.904 %101,27 %3,63 957 2.189.414 (+%6,49)
Aizarnazabal 976.975 1.014.440 1.027.267 %101,27 %5,15 1.250 1.126.119 (+%9,62)
Azkoitia 10.889.937 11.151.997 11.293.224 %101,27 %3,70 959 11.993.061 (+%6,20)
Azpeitia 14.242.881 14.561.749 14.746.156 %101,27 %3,53 964 15.610.876 (+%5,86)
Beizama 380.017 393.474 398.457 %101,27 %4,85 3.113 419.307 (+%5,23)
Errezil 797.355 818.633 829.000 %101,27 %3,97 1.410 818.633 (+%6,56)
Getaria 2.663.482 2.759.730 2.794.679 %101,27 %4,93 968

2.932.548 (+%4,93)

Orio 5.678.315 5.859.570 5.933.775 %101,27 %4,50 960 6.292.048 (+%6,04)
Zarautz 21.389.605 22.121.730 22.401.876 %101,27 %4,73 953 23.878.452 (+%6,59)
Zestoa 3.552.329 3.663.716 3.710.112 %101,27 %4,44 943 4.000.181 (+%7,82)
Zumaia 9.465.555 9.707.541 9.830.476 %101,27 %3,86 968 10.359.061 (+%5,38)

*Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide