Nola deskribatuko zenukete zer den Lege Berria?
JON ISASTI: Betidanik musikarekin harreman estua izan duen lagun talde bat gara. Herrian kontzertu desberdin batzuk emateko espazio bat sortu nahi genuen. Abiapuntu horretatik, autogestionatutako kolektibo bat sortu genuen, Lege Berria.
IBAI ZULAIKA: Hasieran, guztiok hartzen genituen ardura guztiak, eta denborarekin, ikusi genuen azpi taldeetan antolatuta hobeto egiten genuela lan. Bakoitzak bere ardurak betetzean hasten gara erabakiak hartzen, guztion artean.
Laugarren denboraldia martxan duzue. Nola mantentzen da bizirik horrelako proiektu bat?
I.Z.: Ilusioa eta musikarekiko dugun zaletasuna dira gakoak. Zaila da hamabost pertsonak osatutako kolektibo batean gogoari denboran eustea. Ilusioarekin jarraitzea da zailena; hasieran, motibatuta gaudenean, erraza da. Hori denboran luzatzea lortzen ari gara.
J.I.: Jendeak egin digun harrerak ere eraman gaitu aurrera jarraitzera. Hasieratik, egin ditugun ekintzetan jendearen erantzuna positiboa izan da, eta horrek motibatzen gaitu proiektuarekin aurrera jarraitzera.
Lege Berrian, euskal taldeen aldeko apustua nabaria da. Hala ere, atzerriko talde interesgarriak ere ekartzen dituzue. Nolatan ezagutzen dituzue horrelako proposamenak? Nola jartzen zarete harremanetan?
I.Z.: Beti iruditu zaigu Euskal Herrian dauden taldeen maila oso ona dela eta hasieratik eman nahi izan genion garrantzia hemengo talentuari. Baina kanpoko taldeak ekartzea ere oso interesgarria iruditzen zaigu, gaztetxera proposamen desberdinak eramateko.
J.I.: Talde interesgarriak ekartzeko modua haiei idaztea izaten da. Kolektiboko kide guztien artean, ezagutzen ditugun taldeei idazten diegu, eta horrela lortzen dugu haiekin harremanetan jartzea. Inoiz imajinatuko ez genituzkeen taldeak ekarri izan ditugu horrela.
I.Z.: Talde askok ere idazten digute guri. Kontzertuak entzutera etorri den jendeak ere egin dizkigu proposamenak. Azken finean, musika mundua interesatzen zaigu eta erreferentziak beti daude hor. Alde batetik eta bestetik kontzertuak ixten joaten gara, pixkanaka.
Zergatik uste duzue talde bat erakarrita sentitu daitekeela Lege Berrian parte hartzera?
I.Z.: Esperientzia on bat sortzen saiatzen gara, bai artistarentzat, bai ikusleentzat. Taldea ezagututa edo ezagutu gabe, badago kontzertuetara beti etortzen den jendea. Taldearentzat aberasgarria da parean publiko berria izatea.
J.I.: Beti saiatzen gara taldearekin harreman ona izaten. Taldea gustura badago, kontzertua ere hobeto joango da, eta horrela, publikoa ere zaintzen dugu. Esperientzia oso hori da artistari eskaintzen dioguna.
Zein da proiektu honekin inguruko eszenari egiten diozuen ekarpena?
J.I.: Betidanik egon dira hemen kolektiboak gauza oso indartsuak egiten. Gure proposamena, kontzeptu aldetik, eklektikoagoa da. Punka, elektronika, esperimentala... gustuko dugun musika Zarautzera ekartzea zen gure helburua. Azkenean, gaztetxean egiten diren ekintzen artean ekarpen bat gehiago da gurea.
Egitarauaren zati garrantzitsu bat izaten da Etxeko DJak. Nolakoa da zuen proiektu pertsonalak Lege Berrian uztartzea?
I.Z.: Kolektiboan bagaude kide batzuk musika elektronikoa asko bizitzen dugunak. Gure sormena plazaratzeko gune interesgarria da hau. Etxeko DJak izenpean, ez diogu nahi etiketarik jarri entzungo den saioari eta gure DJ eskaintza osoa bildu nahi dugu izen horren barruan.
J.I.: Egitarauan DJak txertatzeak kontzertu solteak ematetik gau osoko eskaintza osatzera eramaten gaitu, eta hori oso interesgarria da. Izan ere, bi munduetako jendea elkartzen da gune berean eta espero ez zituzten gauzak entzunda joaten dira etxera.
Musikaz gain, estetikak ezinbesteko garrantzia du proiektuan. Nola lantzen duzue hori?
I.Z.: Lege Berriaren unibertso bisuala Alex Mororen eskuetatik pasatzen da. Hasi ginenetik genuen buruan estetikak ezinbesteko garrantzia izango zuela, bai sareetan, baita kontzertuetan ere. Emanaldi egunetan, berebiziko arreta jartzen dugu gaztetxearen apainketan. Ohiko estetiketatik aterako gaituen gune bat osatu nahi dugu, artistak eta publikoa espresatzeko toki eroso eta goxo bat sortuz.
J.I.: Ezer zehatza izan gabe, beti eman diegu garrantzia elementu bisualei, eta lanean jarduten gara hori une oro zaintzeko. Kartelak egiterakoan, handik eta hemendik hartutako elementuak erabiltzen ditugu, eta arreta bereganatzen duten emaitzak ateratzen dira.
"Adierazpen kultural eta espazio librerako sortutako gunea" izatea nahi zenuten Lege Berria. Hiru urte pasatuta, betetzen ari al dira hasierako helburuak eta espektatibak?
J.I.: Zenbait helburu bete ditugu. Iruditzen zaigu adierazpen kulturala badagoela gure jaialdietan. Jendeari proposamen desberdinak helarazteko gunea bihurtu dugu Lege Berria eta espazio interesgarri bat sortu dugula esango nuke.
I.Z.: Lortu dugu gure ikuspuntu artistikoa Zarautzen txertatzea eta artistentzat zein publikoarentzat espazio goxo bat sortzea. Denborarekin, ikusi dugu denetariko jendea joaten dela gaztetxera. Zarautz kanpotik etorritako jendea ez ezik, hainbat adin eta generotako ikusleak ere etorri izan dira.
J.I.: Euskal Herriko hainbat tokitako jendea etorri izan da, baina hala ere, zarauztarrek osatu ohi dute beti ikuslegoaren zati handi bat, eta hori bazen hasierako helburuetako bat: herrian ikuspuntu artistiko desberdin bat eskaintzea, herritarrentzat.