Asteburu gogorra izan da Zarauzko lehen taldeentzat, izan ere, ez dute punturik lortu. Talde indartsu baten aurkako hitzordua zuen Amenabarrek asteburu honetan. Sailkapeneko lehen sailkatuaren etxean izan zuten partidua Amenabarreko mutilek eta Asobal ligatik jaitsi berri zen Huesca taldeak norgehiagoka gogorra egin zien Zarauzko jokalariek. Aialaren hitzorduan, berriz, partidu orekatu baten ostean, 25-24ko emaitzarekin itzuli zen etxera talde zarauztarra.
Hitzordu zaila bazen ere, indartsu sartu ziren partidura Mikel Agirrezabalagak entrenatzen dituen mutilak. Lehen zatian lau eta bost goleko aldea ateratzea lortu zuten taldeak eta atsedenaldira Zarautzen alde bi goleko desberdintasunarekin joan ziren. Bigarren zatian, berriz, etxeko taldea indartsuago atera zen pistara eta emaitza iraultzea lortu zuten. 40-36ko emaitzarekin amaitu zen partidua eta punturik gabe itzuli ziren Amenabarreko jokalariak Zarautzera.
Sei jardunaldietan puntu bakarra lortu badute ere, taldea motibatuta dago datozen hitzorduekin. Izan ere, maila antzekoagoko taldeen aurka izango ditu norgehiagokak Amenabarrek. Datozen asteetan, Oviedo jasoko dute etxean, ondoren Los Dolmenes-en aurka izango dute partidua, eta azkenik, Zaragozan izango dute hitzordua laster. Partidu hauekin, sailkapeneko beheko postuetatik ateratzeko ahalegina egingo du talde zarauztarrak.
Aialak ere jardunaldi zaila izan zuen BM Loyolaren kantxan. Partidua ondo hasi bazuten ere, maila bikaina eskaini zuten bi taldeek eta atsedenaldira 14 goleko berdinketarekin joan ziren. Bigarren zatia Yera Makazaga jokalari zarauztarrak jaso zuen txartel gorriak markatu zuen, eta etxeko taldeak abantaila ateratzea lortu zuen, guztira, 25-24eko emaitzarekin itxiaz markagailua.
Jardunaldiaren ostean, sailkapeneko erdiko postuetan geratu da Aiala, zehazki seigarren postuan. Guztira, hiru puntu eskuratzea lortu du taldeak eta burua datorren asteko hitzorduan dute jokalari zarauztarrek. Gizonezkoek bezala, hurrengo jardunaldian Oviedo jasoko dute etxean Aialako neskek.