Lierni Osa (Zarautz, 1995) zarauztarrak jantzi zuen atzo Euskal Herriko Harri Jasotze Txapelketako txapela, Mungian (Bizkaia). Osak lehen aldiz lortu du garaipena txapelketa horretan, eta emaitzarekin "oso harro" dagoela aitortu du, "Euskal Herriko txapelketa irabaztea hitz potoloak" baitira. Zilindroarekin, kuboarekin eta bolarekin aritu ziren lehian, eta zarauztarrak 5.163 kilo altxatu zituen guztira.
Zer sentitzen du batek lehen aldiz Euskal Herriko txapela soinean duenean?
Sekulako poza sentitzen dut gaur, atzo oraindik sinetsi ezinda nengoen. Apurka-apurka ari naiz ohartzen zer lortu dudan, oso harro nago, Euskal Herriko txapelketa irabaztea hitz potoloak dira. Azken finean, sei urte daramatzat harri jasotzen, eta beti ibili izan naiz podiumean edota podiumetik gertu, baina txapela eskuratu gabe.
Iaz ere garaipenaren borrokan izan zinen txapelketa horretan, baina bigarren postuan sailkatu zinen azkenik. Arantza kendu al duzu aurten?
Egia esan, esperantza askorik gabe lehiatu nintzen pasa den urteko Euskal Herriko txapelketan. Ez nintzen batere ondo sentitzen, eta ez nuen inondik inora espero bigarren postu hori. Horregatik, oso gustura nengoen iaz egindako lanarekin, baina bai, nolabait esateko, arantza kendu dut aurten.
Guztira, 5.163 kilo altxatu zenituen atzo. Entrenamendu saioetan lortutako zenbakiekin bat datorren emaitza izan al zen?
Txapelketa bat jokatzera noanean ez diot helburu edota emaitza zehatzik jartzen nire buruari. Izan ere, horrek asko urduritzen nau, eta ez da laguntzen didan zerbait. Lana txukun egitera ateratzen naiz plazara, entrenamenduetan egindakoak edo egin gabekoak ahaztuta. Etxekoek ere tarteka esaten zidaten irabazteko aukerekin ikusten nindutela, eta horrek ere larritu egiten ninduen. Hala eta guztiz ere, jakin banekien entrenamenduetan lortutako emaitzak lortuz gero postu on bat eskuratuko nuela, eta horrela izan zen.
Zilindroarekin, kuboarekin eta bolarekin jokatu zenuten lehia. Zein harrirekin sentitu zinen erosoen eta zein izan zen altxatzeko harririk zailena?
Normalean erabiltzen dudan zilindroa 63 kilokoa izaten da, eta ondo moldatzen naiz berarekin, baina kasu honetan 75 kilokoa zen. Nire iritziz, salto handia dago batetik bestera, eta errespetua ematen zidan. Alde horretatik, harrituta geratu nintzen zilindroarekin egindako lan onarekin: 26 altxaldi lortu nituen, inoiz lortu dudan kopururik handiena. Orain arte ez nuen inoiz 24 altxalditik gora egitea lortu. Kuboarekin, berriz, ez nintzen oso ongi moldatzen orain gutxi arte, baina azkenean lortu dut teknika harrapatzea, eta atzo gustura aritu nintzen harri horrekin. Kuboarekin altxaldi gehiago egiteko gai naiz, baina atzokoan nahiago izan nuen indarrak amaierarako gorde. Horregatik, nahi bezain ondo heldu nintzen azken harrira, bolara, eta guztia eman nuen. Hustu egin nintzen azken zati horretan, eta bertan lortutako altxaldiek garaipena eman zidaten.
Parte hartzaile guztietatik aurrena izan zinen lehiatzen. Noiz ohartu zinen txapela zurea izan zitekeela?
Lehenengo bi harriekin egindako lanean beste lehiakide batekin oso pareko joan nintzen, eta, beraz, bolara iritsi arte ez nekien zer gertatuko zen. Azken harri horretan erabaki zen guztia.
Norekin ospatu zenuen garaipena?
Txapela jaso eta podiumetik jaitsi nintzenean gurasoei argazki bat bidali nien. Gero, entrenatzailea, nirekin entrenatzen dutenak eta bikotekidea han nituen, eta haiekin bazkaltzera joan nintzen. Baliteke lehenengo eta azkenengo txapela izatea, eta badaezpada ondo ospatu behar nuen.
Euskal Herriko txapela ez ezik, Gipuzkoako txapelketan garaipena lortu zenuen udan, eta apirilean marka ezarri zenuen Zarautzen egindako jaialdian. Zerbait gehiago eska al diezaiokezu denboraldi honi?
Oso-oso pozik nago aurten lortutako guztiarekin, ezin dut gehiago eskatu. Horregatik, eskerrak eman nahi nizkioke nire entrenatzaileari, baita nirekin entrenatzen duten kide guztiei ere. Beraien laguntzarik eta babesik gabe ez zen posible izango hilabete hauetan lortutakoa lortzea.
