Zarautz orain dela 7.000 urte

Erabiltzailearen aurpegia Martxel Aizpurua

Herriko Barraren antzinako argazkia. (Andoni Ruiz Etxeberria)

Duela 6.700 urte inguruko kokagune bat identifikatu zuten Herriko Barra 10 izeneko kokagunean. Besteak beste, animalien hezurrak eta suharriekin egindako tresnak aurkitu zituzten bertan. Egun, aurkikuntza-leku horretan ez dago aztarnategiaren inongo aipamenik.

Otsaileko albistea izan zen Nafarroako Arrafela leizean bisonte baten ia hezurdura osoa aurkitu izana. Ikerketek erakutsi dute Kalkolitiko garaikoak direla hezur horiek, duela 4.000 urte ingurukoak. Interes handiz irakurri nuen argitalpena, eta gozamenez irudikatu nituen bisonteak Urbasan.

Kalkolitiko-aroari kobre-aroa ere deitzen zaio; agian, irakurleentzat izen ezagunagoa. Paleolitiko ondorengo gizakiek lehen lantzen ikasi zuten metala izan zen kobrea. Kobre-aroaren hasiera duela 8.000 urte edo hasi zen, Turkia, Iran eta Irak diren zona horretan. Ondoren etorri ziren brontze-aroa eta burdina-aroa, hurrenez hurren.

Kobrea lantzen hasteaz gainera, abeltzaintza eta nekazaritza ere aro honetakoak dira, baina ez zen mundu osoan garai berean izan. Berrikuntzak mundu mutur batetik bestera zabaldu ziren, herrien arteko harremanei esker, edo populazioen transhumantziari bidez. Gogoratu, adibidez, Egiptoko piramide asko ere aro honetakoak direla.

Zarauztar askok ez du jakingo Zarautzen ere garai horretako kokagune bat badugula, Herriko Barra 10 izenekoa. Foru kalea eta Bizkaia kalearen iskina horretan dagoen etxea egiterakoan agertu zen, 1988an.

Urgentziako salbamendu-indusketa egin zuten bertan, eta etxegintzak bere martxa jarraitu zuen ondoren. Etxegintzak azaleratu zuen aztarnategi hau, eta etxegintzak hondoratu zuen betiko. Baina informazio handi bat eman zuen indusketa horrek.

Duela 6.700 urte inguruko kokagune bat identifikatu zen, duna gainean kokatutako txabola ahul batzuez osatua; ehiza-leku ere bazen dudarik gabe.

Hainbat animaliaren hezurrak aurkitu zituzten, gutxienez kopuru hauek baiezta daitezke: ugaztunak (17 orein, 2 orkatz, 3 uro/bisonte, 3 basurde, otso bat, hartz bat, azkonar bat eta triku bat), eta hegaztiak (itsas enara, gabai iluna, kurrilo arrunta, antxeta hankabeltza, pottorro arrunta, martin arrunta, lanperna musua eta pinguinoa). Eizagai horiek bertan kontsumitzen zituzten, animalia horien hezurrak barne-muina jateko xehatuta agertzen baitira.

Suharri edo silex harriz egindako tresnak ere agertu ziren; dirudienez, bertan fabrikatzen zituzten, zeren eta tresnak egiteko orduan harri nagusiari kendutako printzak ere han baitaude. Hemengo tresnek Ebro aldean hedatuak zeuden egitura bera dute. Ez zen metalezko tresnarik agertu. Dirudienez, alde honetan ezagutzen den lehen metala brontzea izan zen; beranduago, noski. Zeramikarik ere ez zen agertu, hain leku hezean denborarekin desegin egiten baitira.

Ez zen abeltzaintzaren arrastorik agertu; animalia basatien ehizatik bizi ziren. Polen-analisiek adierazten dute zerealak ekoizten zituztela; nekazariak ere baziren, beraz. Suharrien ikerketek erakusten dute Urbasatik ekarriak direla gehiengo bat; Urbasatik eramandako suharriak atzeman dira garai bereko Los Arcoseko (Nafarroa) herrixkan; hauek erabat nekazaritzatik bizi ziren. Argi dago, bada, Herriko Barrako biztanleek harremanak bazituztela hegoaldeko nekazariekin.

Polen-analisiek adierazten dute baita ere orduko paisaia: baso mistoa ageri da; zuhaitzik ugariena haltza da (inguru zingiratsuari dagokion bezala) eta gutxiago agertzen dira hurritza, pinua eta haritza. Oso apalki bada ere, agertzen dira lizarra, zumarra, gaztaina eta ezkia. Horrek erakusten du garai hartako giro epel eta hezea.

Bukatzeko esan, pena handia ematen didala aurkikuntza-leku horretatik maiz pasa, eta ez dudanean aztarnategi honen inongo aipamenik ikusten bertan. Zarautz anonimo bihurtu zaigu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide