Surf giroz jantzi da Zarauzko hondartza asteburu honetan, izan ere, Gipuzkoako Surf Txapelketa jokatu da bertan. Hamar kategoria desberdinetan hartu dute parte 100 kirolarik baino gehiagok. Herenegun hasi ziren sailkapen faseak eta atzo izan ziren final erdiak eta finalak. Lehen egunak eguraldi kaxkarra izan bazuen protagonistatzat, atzo jokatutako faseetan eguraldi onean aritu ziren kirolariak uretan.
12 urtez azpiko lehiaketari dagokionez, Mara Gorospe izan da txapelduna emakumezkoen kategorian. Gizonezkoetan, berriz, Oihan Juaristik lortu du garaipena. 16 urtez azpiko kategorian, Nahia Calderon surflariak eguneko bere lehen txapela jantzi du eta gizonezkoetan Ander Mendiluze izan da garailea. 18 urtez azpiko lehiaketan, Nora Alvarezek puntuazio onez lortu du garaipena eta Ugaitz Zenarrutzabeitiak izendatu da gizonezkoen kategoriako garaile final ikusgarri bat osatuaz. Masters kategorian (+40) Oier Illarramendik eskuratu du txapel nagusia.
Open Shortboard kategoria nagusiei dagokionez, Nahia Calderonek eguneko bigarren txapela eskuratu du 14.00ko puntuazioarekin, modu honetan, lehiaketa bikaina osatu du surflari Zarauztarrak. Gizonezkoen lehiari dagokionez, jokan hasi ziren 24 parte hartzaileen artean Teo Basterrak lortu du garaipena final ikusgarri bat eginaz. 11.30eko puntuazioarekin lortu du Gipuzkoako txapeldunaren txapela. Azkenik, gizonezkoen bodyboard lehiaketan Unai Fernandezek irabazi du finalean maila handia erakutsiaz.