400 lagun bildu dira Kuadrilla Eguneko gazteen herri bazkarian

Eneko Eizagirre Perez

Hamaika ekintzaz bete dute herria Kuadrilla Egunean. Eguraldi txarrarekin, ordea, hainbat jarduera tokiz mugitu dituzte. Hala ere, kuadrillen parte hartzea handia izan da.

Aurtengo Kuadrilla Eguneko ekintzak Zarauzko hainbat guneetan banatu dira; haurren, nerabeen eta gazteen guneak. Eguraldi kaxkarra dela eta, nerabeen eta gazteen herri bazkariak tokiz mugitu behar izan dituzte. Hala ere, herritarren parte hartzea "handia" izan dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Ludotxo ludotekak antolatu ditu haurren ekintzak Salbiden. Euriaren erruz, kalean izan beharko luketen jokoak, portxeetara mugitu dituzte. Nerabeen egitaraua ere portxeetara mugitu dute, Gaztelekura zehazki. Hauei bideratutako ekintzak, Haize-Orratz taldeak antolatu ditu, besteak beste, nerabeen herri bazkaria eta Lege Zaharren Enparantzan kokatuta dauden puzgarriak.

Azkenik, gazteentzat egindako egitarauan balantze oso positiboa egiten dute Txipristin eta Bugi-bugiko antolatzaileek. Zazpi taldek hartu dute parte aurtengo goitibehera lasterketan eta gainera, adin desberdinetako jendea elkartu da jardueran. Hainbat jaurtiketako saioak osatu ondoren, Beteranoen taldea izan da garaile. Bigarren saria Aupa Enbata taldeak eskuratu du.

Musika Plazan egitea aurreikusten ziren paella lehiaketa eta herri bazkaria, azkenean Salbatore Mitxelena Ikastolara lekualdatu dira. Aurtengoan 42 kuadrillak hartu dute parte paella lehiaketan, eta guztira 400 lagun bildu dira herri bazkarian. Bingo musikatuarekin girotu dute bazkalostea, hainbat euskal kanturen martxan. 

Ikastolatik hasita, herrira bidea hartuko du Elektrotxufla elektrotxarangak Mitxelena kaletik barrena. Musika Plazan, 21:30ean 3ttu erromeria izango da, eta 23:00etan, Maruxak taldeak eskainiko du kontzertua Duke Enean. Azkenik, DJ La Fulana egongo da Musika Plazan 01:00etatik aurrera, aurtengo egunari bukaera bikain bat ematen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide