Gaur goizean hasi da Gipuzkoako Surf eta Bodyboard Txapelketa Zarauzko hondartzan. Eguraldi txarrarengaitik, egitarauko hainbat ordutegi moldatu dituzte; hala ere, txapelketak bere horretan jarraitu du. 13 kategoriatan banatuta, adin guztietako partaideak ikusi dira itsasoan egun osoan zehar.
Surflari gizonezkoen 12 urtez azpiko kategorian, biharko final erdiak jokatzeko zortzi postuak lehiatu dituzte. Adin berdineko emakumezkoen kasuan, gaur ez da faserik jokatu eta bihar izango da zuzenean finala. 16 urtez azpiko gizonezko surflariak ere, gaur izaten ari dira biharko final erdiak jokatzeko lehiaketa. Emakumezkoen kategorian, berriz, bihar izango dira final erdiak.
18 urtez azpiko gizonezkoen taldean, hamaika surflarik hartu dute parte eta bihar jokatuko da final handia. Emakumezkoen kategorian, berriz, bost parte hartzaile izan dira eta hauek ere finala bihar izango dute. Masters kategorian, 40 urtetik gorako kirolarien arteko txapelketa egingo da eta bi surflariren artean jokatuko dute bihar.
Surfeko txapelketa nagusiei dagokionez, gizonezkoen kategorian zortzi kirolari izango dira biharko final erdiak jokatuko dituztenak. Final laurdenak pasata, Ugaitz Zenarrutzabeitia, Martin Garciaeizaga, Eneko Merino Zelaia eta Indar Unanue izango dira biharko lehen final erdietan. Beste lau sailkatuak, Teo Basterra, Bruno Arocena, Julen Egiguren eta Ander Mendiluze izango dira. Emakumezkoen kategoria nagusian, bost kirolarik jokatuko dute bihar finala. Nora Alvarez, Oihane Goñi, Ane Illarramendi, Ane Santamaria eta Nahia Calderon.
Bodyboardari dagokionez, gizonezkoen kategorian zortzi parte hartzaile izango dira bihar jokatuko diren final erdi eta finalean. Emakumezkoen kategorian izen ematerik ez da egon.