Urola Kostako enpresek eraldaketa digitalean eta Adimen Artifizialean sakondu dute ETE Digitala topaketan

Erredakzioa

Hainbat lagun, ETE Digitala topaketan. (UKUE)

Urola Kostako bederatzi enpresatako nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek parte hartu dute topaketan, Adimen Artifizialaren erabilera kontzientea eta eraldaketa digitalerako baliabideak aztertzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak ETE Digitala topaketa antolatu du eskualdeko enpresa txiki eta ertainei digitalizazio prozesuan laguntzeko eta enpresen arteko esperientziak partekatzeko.

Topaketan bederatzi enpresatako ordezkariek, Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak eta Loreto Susperregi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zerbitzuburuak parte hartu dute. Guztira, 15 lagun bildu dira jardunaldian.

Jardunaldia ongietorri instituzionalarekin hasi da, eta, ondoren, Adimen Artifizialaren munduan digitalizazioa modu kontzientean lantzeko gakoak aztertu dituzte. Jarraian, ETE Digitala programaren emaitzak eta lortutako aurrerapenak aurkeztu ditute

Ekimen honen helburu nagusia da Urola Kostako enpresa txikiei eta ertainei eraldaketa digitalean aurrera egiten laguntzea, haien beharretara egokitutako tresnak garatuz eta enpresen lehiakortasuna zein eraginkortasuna indartuz .

Topaketaren ardatz nagusietako bat mahai inguru praktikoa izan da; bertan, tokiko enpresek digitalizazioaren arloan egindako urratsak partekatu dituzte. Horrez gain, enpresek beren proiektuak garatzeko eskura dituzten dirulaguntza programei buruzko informazio praktikoa eskaini dute.

Prozesu honetan eskualdeko bost enpresak parte hartu dute: Aroa SC (Getaria), Genelek Sistemas SL (Zumaia), Maisor Kontserbak SL (Getaria), Mecanizados Ekimen SL (Zumaia) eta Plasticos Urteta SL (Zarautz) .

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide