Igor Legarretak eta Andoni de Carlosek 'Inurri itsuak' filma aurkeztuko dute Modelon

Aritz Mutiozabal

Ramiro Pinillaren eleberrian oinarritutako film dramatikoa gaurtik astelehenera ikusteko aukera izango da. Pelikularen zuzendari eta gidoilaria bihar arratsaldeko saioa izango dira.

Aurreko astean estreinatu zuten Igor Legarreta zinema zuzendari bizkaitarraren Inurri itsuak film dramatikoa, eta asteburu honetan Modelo aretoan izango da ikusgai. Gainera, igande arratsaldeko saioa berezia izango da: Igor Legarreta bera eta Andoni de Carlos gidoilaria Modelon bertan izango dira filma aurkezten, 19:15ean.

Ramiro Pinilla idazle bilbotarraren Las ciegas hormigas eleberrian oinarrituta dago Inurri itsuak, eta aurtengo Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, Zinemira sailean. Lantaldean, euskal aktore ezagunek hartu dute parte: Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga, Unax Hayden, Kimetz Etxabe eta Patxi Bisquertek.

Kontakizuna Bizkaian kokatzen da, 1930. urtean. Ekaitz gogor baten ondorioz, barnean tonaka ikatz dituen itsasontzi ingeles bat hondartu egin da. Gauean, Algortako herritarrak kostaldean bildu dira urre beltza erreskatatzeko. Sabas Jauregik zorte-kolpetzat jotzen du jazoera; Josefak —Sabasen emazteak—, berriz, seinale txartzat. Josefaren erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitzera eramango ditu semeak. Familiak pentsaezina egingo du negu gorritik salbatuko dituen ikatza babesteko... edo betiko kondenatzeko. 

EGITARAUA

Urriak 17, larunbata
19:15. Inurri itsuak
22:15. Inurri itsuak

Urriak 18, igandea
19:15. Inurri itsuak (Igor Legarreta zuzendariak eta Andoni de Carlos gidoilariak aurkeztutako saioa)

Urriak 19, astelehena (ikusleen eguna)
17:00. Inurri itsuak
19:30. Inurri itsuak

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide