Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak Yoanna Acedo omentzeko ekitaldia antolatu du urriaren 24rako, haren hilketaren urteurrena gogora ekarriz. Udaletxeko pleno aretoan izango da topaketa, 12:00etan hasita, eta biktimaren senitartekoak eta lagunak izango dira bertan. Yoannaren oroimena bizirik mantentzea eta Zarauzko emakume bat bere udalerrian erail zutela gogoan izatea du helburu ekitaldiak. Halaber, "maite ditugun pertsonak oroitzeko, aitortzeko eta laguntzeko gunea" izan nahi du, eta, bide batez, indarkeria matxistaren aurrean "konpromiso kolektiboa" berresteko aukera dela nabarmendu du udalak.
Hori horrela, herritar guztiak gonbidatzen dituzte omenaldian parte hartzera. Zentzu horretan, argi utzi nahi izan dute indarkeria matxista ez dela kanpoko arazo bat, ezta biktimei eta haien inguru hurbilenei soilik eragiten dien gai bat ere. "Gizarte osoari eragiten dio, eta erantzun irmoa eta partekatua eskatzen du", gaineratu du.
"Yoanna Acedo gogoratzea, halaber, Zarautzek berdintasunarekin eta emakume izateagatik beldurrik ez izan eta indarkeriarik jasan behar ez duen gizarte batekin duen konpromisoa berrestea da. Bere memoriak presente jarraitu behar du, eta bultzada gisa balio behar du elkarrekin lan egiten jarraitzeko, indarkeria matxistaren sustraiak desagerraraztea ahalbidetuko duen eraldaketa sozial baten alde", adierazi du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak.
Era berean, Berdintasun sailak azpimarratu du beharrezkoa dela eremu guztietatik lan egiten jarraitzea gizartean errotuta jarraitzen duen matxismoa desagerrarazteko. "Prebentzioa, berdintasunean heztea, eta erakundeen eta herritarren sentsibilizazioa eta konpromisoa funtsezkoak dira emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarterantz aurrera egiteko".