Suak piztuko dituzte asteartean Marmarran, txuletaren bueltako hitzordu garrantzitsurako: Gesalaga Okelan enpresaren ekimenez, V. Maestro Parrillero lehiaketa jokatuko dute goizetik iluntzera bitartean, eta, orotara, goi mailako 45 parrillero ariko dira garaikurraren bila.
Lehiakideei eta epaimahaiari ongietorria eginez hasiko dute eguna, 09:00 aldera. Ondoren, lau taldetan banatuko dituzte parrilleroak, eta 11:00 aldera abiatuko dute txapelketaren lehen fasea. Bertan, hamar minututik behin parte hartzaile bakoitzak bere txuleta zatia erreko du parrillan, eta pieza egina dagoela uste duenean, sutatik atera eta epaimahaiari aurkezteko prest utziko du. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiakide guztiek ikatz bera erabiliko dute kozinatzeko. Era berean, epaimahaiko kideek ez dute jakingo dastatzen ari diren txuleta zein parrillerok prestatu duen.
Hala, epaimahaiko kide bakoitzak nota bat jarriko dio dastatutako txuleta bakoitzari, eta horretarako bost ezaugarri izango dituzte kontuan: balorazio orokorra, erretze puntua, tenperatura, gatzaren ukitua eta aurkezpena, hain zuzen ere. Lau talde horietatik irabazle bana hautatuko dute, eta horiek jokatuko dute arratsaldean final handia, 19:00 aldera hasi eta 21:00 aldera amaituko dena.
Epaileen zerrenda parte hartzaileena bezain oparoa izango da: esaterako, Martxel Elizondok, Martin Berasategik, Aitor Partek, Amaia Arguiñanok, Joxe Mari Mitxelenak, Maider Izagirrek eta Pablo Cabezalik dastatuko dituzte txuleta piezak. Horiez gain, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.ak ere osatuko dute epaimahaia. Epaimahaiko kideen zein parrilleroen zerrenda lotura honetan dago ikusgai.
Lehiaz gain, bisitak
Halaber, txapelketa jokatzen ari diren bitartean bisita gidatuak antolatu ditu Marmarrak. Alde batetik, enpresaren kamara ezagutzera joango dira, eta produkzio eremua ere bisitatuko dute. Bestetik, Urteta auzoko Erromin baserrira ere igoko dira autobusez, eta bertan dituzten hainbat idi ezagutzeko aukera izango dute. Adibidez, Europan bizirik dauden bi idi handienetakoak ikusiko dituzte.
Lehiaketarekin batera, Txuleta Festa egin izan du Gesalaga Okelanek aurreko edizioetan, eta herritarrei haragia dastatzeko aukera ematen zitzaien bertan. Aurten, ordea, arrazoi ezberdinak tarteko, Txuleta Festa ez egitea erabaki du antolakuntzak, eta lehiaketa soilik antolatzea.