Familia osoarentzako 'Voo' ikuskizuna eskainiko dute igandean

Aritz Mutiozabal

Modelon eskainiko du obra Teatro O Cubo konpainiak, 16:45etik aurrera. Hegorik gabe hegan egitera gonbidatuko dituzte ikusleak.

Galiziako Teatro O Cubo taldeak Voo ikuskizuna taularatuko du igande honetan Modelo aretoan, familia osoari zuzenduta. Antzerki fisikoan eta objektuen manipulazioan oinarritutako obra eskainiko dute Uxía Algarrak eta Sofía Espiñeirak, eta utopia eder bat izango dute ardatz: hegorik gabe hegan egin ahal izatea.

Hori horrela, grabitate gabezian eta fantasian murgilduko dituzte ikusleak. Ilusioarekin eta harridurarekin jokatuz, amets egitera gonbituko dituzte Modelora bertaratzen diren guztiak. Horretarako, dantza, musika, mugimendua, poesia bisuala eta komikotasuna presente izango dituzte, eta argi utzi dute ikuskizuna zentzumenetarako bidaia bat dela.

Emanaldia 16:45ean hasiko da, eta sarrerak Modeloko txarteldegian edo Kutxabankeko atari digitalean eskuratu daitezke, 4,45 euroan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide