Nondik dator udazkenean egingo dituzun kontzertuen ideia?
Hilabete hauetan ematen ari garen kontzertuek ez dute ez arrazoi, ez urtemuga berezirik. Besterik gabe, udazkeneko eta neguko agenda osatu genuen eskainiko ditugun kontzertuekin. Oso zorionekoa sentitzen naiz, Euskal Herriko aretoetan kontzertuak ematen jarraitzen dudalako.
Kontzertu sorta horretan, Zarautzen duzu hitzordua bihar. Nolakoa da zuretzat hemen kontzertua ematea?
Niretzako kontzertu guztiak dira oso bereziak, bakoitza ospakizun bat balitz bezala bizi ditut. Zarautzen izan nintzen azken aldian, Musika Plazako kioskoan eskaini genuen kontzertua. Ordutik ez naiz aritu Zarauzten; seguruenik, nahi baino gutxiago izan naiz bertan. Modelo aretoan joko dudan lehen aldia izango da hau eta pozik nago bihar han izango garelako. Zarautz den herri politarekin, ziur nago giro ikaragarria egongo dela aretoan. Gainera, baditut lagunak bertan eta haiek ikusteko gogoa ere badut. Kontzertu polit bat egin nahi dugu.
Badirudi kontzertua emateko duzun gogo bera dutela zarauztarrek. Izan ere, sarrera guztiak saldu dira. Nola sentitzen zara Modelo bezalako aretoak betetzean?
Bizi garen garai hauetan, sarrerak geroz eta aurrerapen gehiagorekin eskuratu nahi ditugu, eta hori gure kontzertuetan ere islatu da. Joan den astean, Arrasateko gaztetxean [Gipuzkoa] izan ginen, eta gune horiek gure plaza ohikoenak ez diren arren, goraino bete zen eta horrek pozez bete gintuen. Ez da erraza nori kantatu edukitzea 29 urteko ibilbidearen ondoren. Jendea oraindik hor dago, eta, ikusleen erantzuna ona dela ikustean, sentitzen dudan harrotasuna bikoitza da. Gainera, kontzertuetan jende gaztea ikustean, kantuen bitartez belaunaldien arteko zubi bat bizirik mantentzen dela ikusten dut. Bide berriak ireki dira belaunaldi gazteentzat, eta horrek oso pozik jartzen nau.
Zertan aldatu da euskal musika zu hasi zinenetik hona?
Aldaketa asko eman dira azken urteetan munduan, eta ondorioz, euskal musikan. Gauzak asko aldatu dira ni musikan hasi nintzenetik. Dena ziztu bizian doa eta musika ere azkar aldatzen da. Gaur egungo gazteak beste garai batean jaiotakoak dira. Orduko musika eszenarekin alderatuta, emakumeen presentzia handiagoa da, eta munduko tendentzia gehiago daude euskal musikarien artean ere.
Euskal musika mundu mailan kokatzea eta munduko musikekin parekatzea gustuko dut. Eta ikusten da, munduko eragin horiek ere inpaktua izaten ari direla gure musikan. Hori oso aberasgarria dela iruditzen zait.
Grabaketa estudio batean egon zarela erakutsi duzu zure sare sozialetan. Zerbait berria duzu esku artean?
Besterik gabe igo nuen argazki bat da. Mutrikuko [Gipuzkoa] Ame estudioetan ibili nintzen kolaborazio bat egiten, eta egun hartako oroigarri bat da sareetara igotakoa. Hala ere, disko berri batean lanean nabil, epe luzean argitaratzeko asmoarekin. Sortze prozesua geldoa ari da izaten, diskoa 2028an ateratzeko asmoa baitugu. Bitartean, aretoetan konztertuak eskaintzen jarraituko dugu, orain arteko diskoak interpretatuaz.
Beraz, sorpresarik izango al da biharko kontzertuan?
Kantu berri forma duen sorpresarik ez dugu izango. Guretzat opari handiena izango litzateke konztertu on bat egitea eta ikusleak gustura itzultzea etxera. Horren bilatzen dugu, momentuak benetan merezi dezala eta jendea emozio onez beteta joan dadila etxera. Nik gozatzea eta jendeak gozatzea da nire ardura bakarra.