Kuadrilla eguneko herri bazkariak tokiz aldatu dituzte eguraldi txarra iragarri dutelako

Eneko Eizagirre Perez

Kuadrilla Eguna 2023. (Maria Maya Manterola)

Eguraldi txarraren iragarpena dela eta, gazteen herri bazkaria Salbatore Mitxelena Ikastolan gauzatuko da, nerabeena, berriz, Gaztelekuko frontoira mugitu dute. Elektrotxufla elektrotxarangaren ibilbideak ikastolan izango du abiapuntua. Gainontzeko egitarauak bere horretan jarraituko du.

Hamaika ekintzaz beteko da herria bihar Kuadrilla Eguna dela eta. Aurtengo jaia, eguraldi kaxkarrak baldintzatuta egongo da eta azken orduko aldaketak egin dira egitaraua eusteko. Aurtengoan ere, Udalarekin elkarlanean, Txipristin, Ludotxo ludoteka, Bugi Bugi eta Haize-Orratz taldeak jardun dira Kuadrilla Eguna antolatzen.

Haurrentzat, nerabeentzat eta gazteentzat bideratutako jarduerak egongo dira herriko hainbat guneetan banatuta. Haurren ekintzak Salbiden egingo dira larunbat arratsaldean. Nerabeen ekintzak, berriz, Lege Zaharren enparantzan izango dira neurri handi batean. Eguraldi iragarpen txarra dela eta, paella lehiaketa eta herri bazkaria Gaztelekuan egingo dituzte. Paella lehiaketako lehen sarituak 100 euroko saria jasoko dute Lapotx Malekon-en erabiltzeko. Bigarren sariak, berriz, 50 euroko saria izango du taberna berdinerako.

Azkenik, gazteentzat bideratutako egitaraua Vista Alegren, Musika Plazan, Salbatore Mitxelena Ikastolan eta Duke Enean izango da. Goitibeherekin hasiko da eguna Vista Alegre auzoan eta aurten, saria jasoko dute lehen hiru sailkatuek. Lehenak Arozena harategian kontsumitzeko 100 euroko saria izango du. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, Dava Street Food-en gastatzeko 50 euro izango ditu talde bakoitzak.

Gazteen paella lehiaketa eta herri bazkaria ere tokiz mugitu dira eguraldi iragarpen txarraren harira. Musika plazan aurreikusten zen egitaraua, Salbatore Mitxelena Ikastolan izango da. Paellarik onenak, Dava Street Food-en erabiltzeko 100 euroko saria jasoko du. Bigarren sailkatuak berriz, 50 euro izango ditu Zelaitxo Pizzerian gastatzeko. Elektrotxufla elektrotxarangaren ibilbidea Ikastolatik hasiko da 18:15etan.

Honako hau da eguneko egitaraua:

HAURREN GUNEA. Salbideko parkean 

16:30. Puzgarriak
17:00. Tailerrak
17:00. Joko erraldoiak
19:30. DJ Oier

NERABEEN GUNEA. Lege Zaharren eparantza

12:00. Paella lehiaketa + bazkaria (Gaztelekua)
16:30. Puzgarriak
16:30. Tailerrak + Ginkana
21:30. DJ Osto

GAZTEEN GUNEA. (+16)

11:30. Goitibehera jaitsiera (Vista Alegre)
12:00. Zarautz Trik (Vista Alegre eta herrian zehar)
12:00. Paella lehiaketa (Salbatore Mitxelena Ikastola)
14:30. Bazkaria + Bingo musikatua (Salbatore Mitxelena Ikastola)
18:15. Elektrotxufla elektrotxaranga (Salbatore Mitxelena Ikastolatik herrira)
21:30. 3ttu Erromeria (Musika Plaza)
23:30. Maruxak kontzertua (Duke Enea)
01:00. La Fulana DJ (Musika Plaza)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide