Kirolean izaten diren jarrera desegokien eta lehiakortasun goiztiarraren inguruan hausnartzeko garaia dela eta, Eskola Kirolaren Aldeko Plataformak (EKAP) Nor-Gehiagoka erakusketa zabaldu du Garoa liburu dendan. Izenburuaren inguruan, norgehiagokaren bueltan, non, noiz, norekin eta norentzat galderak ere planteatu dituzte. "Andoni Egañak eman zigun ideia. Alegia, nor eraiki behar dugu lehenik eta behin norgehiagoka hasi aurretik. Izan ere, lehiatzen hasten gara nor hori eraiki baino lehen, eta hor arazo asko sortzen dira", azaldu du EKAPeko kide Manu Urbietak. "Ezberdina da haurrak parkean norgehiagoka aritzea euren kasa, ala Asti kirolgunean edo kiroldegian jendeaurrean eta kamera bat dagoenean aritzea", gaineratu du.
Plataformako kide dira Eneritz Maiora eta Ane Kano ere. Haien esanetan, "lehiatzen hasi aurretik, haurrek jokoan eta jolasean ikasi behar dute, eta behin hori barneratzen dutenean, ondoren pasatuko dira kirol hastapenera". Argi eta garbi utzi dute prozesuaren parte dela hori, eta ezin direla haurrak berehalakoan lehiatzen jarri. "Hori da eskola kirolaren aldarrikapenik behinena", azpimarratu du Maiorak. Halaber, eskola kirola helburu hezitzaileak dituen proiektua dela gogora ekarri du, baita haurren eskubide bat dela ere, 1990etik. "Eskolan, eskolaren ardurapean, lagunekin, berdin da zer baliabide ekonomiko dituzun, zure arraza... Guztiok guztiokin jolasean jokatzen ikastea da helburua, kirolera iristeko", aditzera eman du.
Multikirolaren garrantzia
EKAP kritiko agertu da, gainera, adin oso txikikoak kirol bakarrera mugatuarazteko erabakien aurrean. Zentzu horretan, eskola kirolaren barruan multikirola lantzearen garrantziaz mintzo dira. "Gisa horretan, trebezia batzuk bereganatuko dituzte, galtzen nahiz irabazten ikasiko dute, lagunekin esperientziak partekatuko dituzte... Ondoren, 13 urtetik aurrera, nahi duten kirolean espezializatzeko aukera izango dute", zehaztu du Maiorak.
Lehen, kirol modalitate bat egin ahal izateko, ikasleek multikirola ere praktikatu beharra zeukaten Gipuzkoan. Guraso batzuk epaitegira jo zuten, horren aurka eginez, eta epaileak arrazoia eman zienez, ikasturte honetatik aurrera ez da derrigorrezkoa ikasleak multikirola egitea edozein kiroletan aritzeko. Plataformako kideak, halere, saiatzen dira gurasoak kontzientziatzen kirol aniztasunaren garrantziaz.
Epai hori tarteko, eta kirolaren eremuan ematen diren jarrera desegokiak eta gehiegizko lehia eragozte aldera antolatu dute Nor-Gehiagoka erakusketa. Herritarren eta, batik bat, gurasoen artean gogoeta pizteko eta eskola kirolaren oinarrizko balioak helarazteko, hain zuzen ere. Horretarako, Iñaki Zinkunegi Larrañagaren zuri-beltzezko hainbat argazki ikus daitezke Garoako behe solairuko aetoan, eta irudiekin batera, Euskal Herriko zenbait kirolari, idazle, bertsolari, pedagogo eta irakasleren makina bat testu. Horien artean, eskualdeko hainbaten ekarpenak daude: Anjel Lertxurdi, Alex Gurrutxaga, Nerea Loiola, Julen Aranguren, Aitor Manterola, Amaia Mendoza, Mikel Labaka, Jose Luis Otamendi, Iñaki Agirresarobe eta Itziar Iruretagoiena, besteak beste.
2024an jarrera desegoki eta liskar asko izan ziren eskola kirolean, bai Zarautzen, bai Donostialdean. Hori salatze aldera, EKAPek bideo gordin bat egin zuen, eta hortik abiatuta eratu zuten mostra. Aurrez Usurbilen (Gipuzkoa) eta Donostian izan dute erakusgai, eta aurreko ostegunean Zarautzen inauguratu zuten, Garoa liburu dendan. Erakusketa azaroaren 20ra arte egongo da zabalik.
Garoako inaugurazio ekitaldian, Eskola Kirolaren Aldeko Plataformako kideek Nor-Gehiagoka proiektuaren nondik norakoaren berri eman zuten, eta, jarraian, Luis Mari Zulaika EHUko irakasle zarauztarrak eskola kirolari buruzko hitzaldia eskaini zuen, ezaugarriak, helburuak eta onurak xehetuz.
