Beñat Gerekaren 'Idi' film laburra lehiatuko da Lekeitioko 49. Euskal Zine Bileran

Julene Sorarrain

Beñat Gereka bideogile eta argazkilaria.

Guztira hogei film lehiatuko dira 49. Euskal Zine Bilerako sail ofizialean, tartean Zarauzko bizilagun Beñat Gerekaren 'Idi' film laburra. Lehiaketatik kanpo, Ainhoa Alberdi zarauztarraren Ispilua zeharkatuz ere emango dute.

49. Euskal Zine Bilera hartuko du Lekeitiok (Bizkaia) bihartik igandera bitartean, eta aurtengo sail ofizialean guztira hogei film lehiatuko dira, tartean Zarauzko bizilagun Beñat Gerekaren Idi film laburra.

Honela dio ikus-entzunezkoaren sinopsiak: "Bazen garai bat idiek isilean lurra goldatzen zutenekoa, beren pauso geldo baina sendoarekin baserriaren bizitza sostengatuz. Gaur, haien urratsek plazetan dute oihartzuna, harriak eta memoria batera arrastaka. Lurra eta ahalegina, tradizio bihurtuak".

Urriaren 15ean, ostegunarekin, izango da film laburraren proiekzioa, iluntzeko 19:00etatik aurrera Ikusgarri zine aretoan. Sail ofiziala hasi baino lehen, ordea, lehiaketatik kanpo dauden zenbait film ikusteko aukera izango da, tartean Ainhoa Alberdi zarauztarraren Ispilua zeharkatuz lana. Honela dio laburmetraiaren sinopsiak: "Erotzat hartu gintuzten. Historiaren joanean emakume askok bizi izan duten errealitate krudela, bereziki gerraostean. Gure amonak ziren. Oroitzapen horrek gure gorputzetan dirau". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide