Dozenaka herritar mobilizatu dira, "Guardia Zibilak legitimitaterik ez duela Euskal Herrian" aldarrikatzeko

Eneko Eizagirre Perez

Ernaik deituta, Hispanitatearen Egunaren aurkako manifestazioa egin dute Plaza Gorritik Guardia Zibilaren kuartelera, "jaiegun arrotz" honetan ez dutela ezer ospatzeko salatzeko. Kuartelaren aurrean hainbat ertzain bertaratu badira ere, protesta normaltasunez egin ahal izan dute herritarrek. 

Hispanitatearen Egunaren aurka mobilizazioa egin dute gaur eguerdian Ernaik deituta. Azken Portuko Plaza Gorrian dozenaka herritar elkartu dira, eta  jarraian Araba kaletik Guardia Zibilaren kuarteleraino manifestazioa egin dute. Urriak 12. Ezer ez ospatzeko. Gazteok independentzia leloa zeraman pankartaren atzean egin dute mobilizazioa eta ibil bidean zehar "Alde hemendik, utzi bakean!" eta "Borroka da bide bakarra!" bezalako aldarriak egin dituzte.

Kuartelaren parera iritsi direnean, ordu laurden inguruko elkarretaratzea egin dute manifestariek, eta aldarrien intentsitatea areagotu egin da. Errepidearen beste aldean, Ertzaintzako hainbat agente izan dituzte aurrez aurre eta, aldi berean, guardia zibil pare bat ere bertaratu da. Protestan ari zen kideetako bat bi ertzainekin hitz egiten aritu da eta protestak normaltasunez jarraitu du. Mobilizazioaren amaieran, Ernaik bertaratutakoei eskerrak eman dizkie eta argi utzi izan du "jaiegun arrotz" honetan ez dutela ezer ospatzeko, eta gaur eginiko protesta ekitaldiak erakusten duela "Guardia Zibilak ez duela legitimitaterik Euskal Herrian".

Gaurkoa, Hispanitatearen Eguna izaki, "zapalkuntza nazional eta sozialen normalizazioa eta asimilazioa goraipatzeko eguna" dela nabarmendu dute. Euskal Herrian eskuin muturrak "espainolismoaren forma" hartzen duela adierazi dute, gaurko eguna horren erakusleiho dela zehaztuz. "1492an hasitako Amerikaren Kolonizazioa, kolonialismoa, inperialismoa eta arrazakeria gogoratu eta goraipatzen ditu egun honek, Espainiar Arrazaren supremazismoaren diskurtsoarekin. Ez gara espainolak, ez dugu ezer ospatzeko, eta egun honen jatorria guztiz gaitzesten dugu. Zapalkuntza espainolista hauen aurrean, herrien arteko elkartasuna eta hori bermatuko duen berdinen arteko Euskal Errepublika borrokatzen jarraituko dugu", azpimarratu dute.

Ildo beretik, Euskal Herriak pairatzen duen "nazio zapalkuntzaren erro nagusia" espainolismoa dela esan dute eta, zentzu horretan, Guardia Zibila dela indar okupatzaile militarra. "Zarauzko kuartelean torturatutako Itziarren semearen oinordekoak gara. Memoria dugu eta badakigu hainbat euskal herritar torturatu, erahil eta atxilotu dituen indar errepresiboa dela Guardia Zibila. Euskal Herri aske, sozialista eta feministarako bidean indar okupatzaileek behingoz ospa egin behar dute", mezu argia helarazi nahi izan dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide