Francisco Escudero akordeoirako nazioarteko konposizio lehiaketaren 19. edizioko irabazleak atzo ezagutarazi zituzten, gonbidatu bereziekin eskaini zuten itxiera kontzertuan. Aurtengo edizioak 48 herrialdetako 125 konpositore bildu ditu, azken urteotan lehiaketa mundu mailan hartzen ari den garrantziaren erakusle.
Sorkuntza berriko obren lehen modalitatean lehen saria ex aequo ematea erabaki zuen lehiaketaren epaimahaiak. Garaileak Hego Koreako Sugtae Paek eta Txileko Agustin Castellon izan dira, The revolving chain of time eta Violet veins spreading over melting sky piezekin, hurrenez hurren. Modalitate berean, aipamen berezia jaso du Marti Pinyol Laguarda egileak, Plany al somni obragatik. Bigarren modalitatean, lan pedagogikoenean, Mateo Libralato konpositore italiarrak jaso du lehen saria. Lehiaketaren oinarrietan jasota duten bezala, Hauspozek obra berri bat idazteko enkargua egingo dio irabazleari, lan ildo pedagogikoari jarraipena emateko.
Lehen modalitateko epaimahaia Nuria Nuñez eta Mikel Urkiza konpositoreek osatu dute, Jessica Reis akordeoi jotzailearekin batera. Bigarren modalitateko epaimahaia, berriz, David Gordo, Arantza Agirre, Julen Murga eta Maitane Arretxe akordeoi jotzaileek osatu dute.
Modelo aretoan atzo ospatutako kontzertu galan, aurreko edizioko lan sarituen estreinaldiak ere entzun ahal izan ziren: Lunga, Cristoffer Haard konpositorearen lana (akordeoi, gitarra elektriko eta saxofoi sopranorako); eta Francisco Barajas egileak akordeoi multitenperaturako idatzitako El olor de la guayaba. Pieza horiek Bela Brichzin-ek, Nuria Lopezek eta Yadira Pelaezek osatutako hirukoteak eta Alejandro Arbues akordeoi jotzaileak interpretatu zituzten, hurrenez hurren, akordeoi garaikideko belaunaldi berriaren erreferente nagusien artean dauden interprete gazteek.
Kontzertua amaitzeko, Musikene Akordeoi Ensemblearekin elkarlan berezia egin zuen Hauspozek; taldeak emanaldi txiki bat eskaini zuen. Ekitaldian izan zen Escudero familia, Francisco Mari Escudero tartean zela, eta sari banaketan eta aktaren irakurketan parte hartu zuten senideek. Hauspoz elkartearen izenean, Arantza Agirre lehendakariak eskerrak eman zizkien erakundeei, eta lehiaketak "nazioarteko proiekzio gero eta handiagoa" duela azpimarratu zuen. Haren hitzetan, Zarautz XXI. mendeko konposizioaren topagune garrantzitsu bihurtu du lehiaketak.
(Argazkiak: Hauspoz elkartea)