2027ko udal aurrekontuak lantze aldera, Zarauzko udal gobernua herritarrekin bilerak egiten hasi da. Guztira zazpi saio antolatu ditu, eta lehensabizikoa aurreko astean egin zuen, ostegunean, Urteta auzoan. Bilera ireki horiekin aste honetan jarraituko du, eta bi hitzordu zehaztu ditu jada: bihar, Vista Alegre eta Hiruerreketa auzoetakoekin, 18:00etan, Vista Alegreko auzo elkartean, eta datorren ostegunean, hilaren 15ean, Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendiko bizilagunekin, 18:00etan, Salbatore Mitxelena Ikastolan.
Saio horien helburua da orain arte egindakoen inguruan hitz egitea eta, era berean, herritarren kezkei erantzuna eman eta haien ekarpenak jasotzea. Bileretara joateko aukerarik ez duten herritarrek ere ekarpenak egiteko aukera izango dute, eta haien proposamenak jasotzeko postontziak jarri ditu udalak ondorengo tokietan: Sanz Enean, udal euskaltegian, Amalur parkean, Iñurritzako auzo elkartean eta HAZen.
Halaber, telematikoki ekarpenak egiteko aukera dago, partehartu@zarautz.eus helbidera elektronikora mezua bidalita edota Zarauzko Udaleko webguneko Parte hartu atalean. Postontzietan eta telematikoki proposamenak egiteko aukera urriaren 31ra bitartean egin ahalko dira.
Ondorengoak dira auzoz auzoko bileren hitzorduak:
- Urriak 13: Vista Alegre eta Hiruerreketa auzoetakoekin, 18:00etan Vista Alegreko Auzo Elkartean.
- Urriak 15: Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendi auzoetakoekin, 18:00etan Salbatore Mitxelena Ikastolan.
- Urriak 20: Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin auzoetakoekin, 18:00etan, Salbatore Mitxelena auzo elkartean (Mitxelena Kalea 51 – Behea).
- Urriak 22: Alde Zaharra eta Salbide auzoetakoekin, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
- Urriak 26: Azken Portu eta Santa Klara auzoetakoekin, 18:00etan, Santa Klarako erabilera anitzeko aretoan.
- Urriak 28: Itxasmendi auzokoekin, 18:00etan, Itxasmendiko auzo elkartean.