Gizonen Ohorezko Erregional mailako asteburu honetako partida benetan interesgarria izango da. Izan ere, Zarautzek Oriokoren aurkako derbia jokatuko du. Bihar eguerdian izango da norgehiagoka, 12:00etan hasita, Asti futbol zelaian, eta bi kluben artean lortutako akordioari esker, zaleek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Ez Zarauzko partidan, ezta Orion jokatzen dutenean ere. Dena den, herritarrak zozketarako txartelak erostera animatu dituzte, klubei laguntzeko helburuarekin. "Zelaian aurkari, kanpoan lagun!", hori da helarazi duten mezua.
Bestalde, Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak Bergararen aurkako neurtuko ditu indarrak egun eta ordu berean, baina etxetik kanpo: Bergarako Agorrosin zelaian, alegia.