Sahararen egoerari leiho bat, zuri-beltzean

Aritz Mutiozabal

Luali Lebser aktibistaren Sahara. Lurralde okupatuak argazki erakusketa dago ikusgai Merkatu plazako lehen solairuan. Aretoaren alde batean haima bat ere jarri dute, Zestoako Wadna Sahara elkarteari esker. Mostra urriaren 19ra arte dago ikusgai.

Euskal Fondoaren ekimenez, Sahara. Lurralde okupatuak erakusketa Euskal Herriko hainbat udalerritara ari dira eramaten, saharar herriaren egoera eta okupatutako lurraldeen errealitatea ikusgarri izan dadin.  Zarauzko Udalarekin elkarlanean, proposamena Merkatu plazako lehen solairuan ikus daiteke duela astebetetik, eta bertan, Luali Lebser aktibista donostiarraren zuri-beltzeko 35 argazki daude ikusgai.

Saharar herriaren eskubideen aldeko ekintzailea da Lebser, eta Equipe Media kolektiboko kidea; Sahararen alde Rabatek (Marokok) ezartzen duen informazio blokeoa hausten duen kolektiboa da Equipe Media hain zuzen ere. Argazki erakusketa honek nazioarteko komunitateari begira opakua den egoera bat aztertzen du. Hori hala, bere argazkiak leiho gisa irekitzen dira, "aire zabaleko munduko kartzela handienean bizitzea nolakoa den erakusteko", non adierazpen eta prentsa askatasuna "zulo beltz batean" erorita dauden.

"Modu oso klandestinoan ateratako argazkiak izan ziren. Bertan ez dago askatasunik edozer gauza irudikatzeko, horrek ere ondorioak izan ditzakeelako", adierazi du Garazi Hach Embarek Irizar euskal-saharar aktibistak. Bera Luali Lebseren laguna da, eta erakusketaren azalpenak ematen aritzen da. Haren esanetan, proiektuaren helburu nagusia da bereziki Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuaren benetako egoera jendeari gerturatzea: "Badirudi Mendebaldeko Saharako gatazka dagoen jomuga bakarra errefuxiatuen kanpamenduak direla. Horiek Aljeriako lurraldetan kokatuta daude, eta, noski, ehundaka mila pertsona bizi dira eta egoera zaila da. Hala ere, ezin da ahaztu jatorriz gure nazioa Mendebaldeko Sahara dela eta horren erdia Marokok duela okupatuta, Espainiaren onespenarekin".

Horren aurrean, salaketa egitea ezinbestekoa dela iritzi dio Hach Embarek Irizarrek, eta erakustea nola Maroko "bere itxura zuritu nahian" dabilen nazioartean. Haren esanetan, "gure lurrak erabiltzen ari dira beraien energia berriztagarriak sortzeko eta ondoren atzerrira saltzeko egundokoa balitz bezala, nahiz eta gure fosfatominak ustiatzen aritu. Azkenean, munduak jakin behar du Maroko ez dela Dajlako gune bat, non kite-surf eta windsurf egiten den, baizik eta Mendebaldeko Sahara da eta jendeari oso garbi utzi behar zaio hori. Gure lurraldea oso zabala da eta haiek ilegalki erabiltzen dute, nahiz eta Europar Batasunak horren kontrako legeak atera".

Zestoako Wadna Sahara elkarteari esker, erakusketaren alde batean haima bat jarri dute, eta, bertan,  Saharako herritarrekin hitz egiteko aukera dago te bat hartuz. Erakusketa urriaren 19ra arte egongo da ikusgai, 17:00etatik 20:00etara. Hala ere, goizetan Zarauzko ikastetxeetako ikasleentzako bisita gidatuak eskaintzen ari da Hach Embarek Irizar. "Oso beharrezkoa da. Argazkiek beraien informazio osagarria daramaten arren, hori guztia interpretatu ahal dezan ikusle mota bakoitzak benetan garrantzitsua da bisita gidatuak egitea eta aurrez aurreko azalpen saioo horiek", azaldu du aktibistak.

Urriaren 2an inauguratu zuten Sahara. Lurralde okupatuak erakusketa, eta orduan eskaini zuen lehen bisita gidatua ekitaldira bertatu ziren Zarauzko Udaleko hainbat zinegotzientzat, Euskal Fondoko ordezkarientzat, Saharautzeko elkarteko kideentzat eta inguruko herrieta herritar sahararrentzat.

Garbiñe Oiarbide zinegotziak gogora ekarri zuen udalak saharar herriarekin duen elkartasun konpromisoa: 
“Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan dagoen Hagunia Dairarekin senidetuak gaude, eta horrekin batera urteak daramatzagu Oporrak Bakean eta sahararen aldeko hainbat ekimen babesten. Baina horrekin batera ezagutza ere behar dugu; jakin nondik datorren saharako herriaren borroka eta batez ere ezagutu zein den zuen herriaren egoera eta bizi duten drama humanitarioa eta errepresio politikoa”.

Fronte Polisarioaren Euskadiko delegatuordea den Mohamed Saidek hartu zuen hitza, eta eskerrak eman zizkien ekimen hau antolatzeagatik . Era berean, saharar herriak 50 urtez jarraitzen duela bizirauteko borrokan gogorarazi zuen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide