Urtero legez, Ernaik Hispanitatearen Egunaren aurkako mobilizazio deialdia egin du urriaren 12rako. 12:00etan hasiko dute manifestazioa Plaza Gorrian, eta Araba kalea zeharkatu ondoren, Guardia Zibilaren kuartelean bukatuko dute. Aurten ere, Ezer ez ospatzeko leloarekin hartuko ditu Ernaik Zarauzko kaleak. Ezker abertzalearen gazte antolakundeak "Hispanitatearen, espainiar arrazaren eta Guardia Zibilaren" egunaren aurka daudela adierazteko egin du deialdia, besteak beste.
"Guardia zibilek Euskal Herrian ez dutela lekua" eta "indar errepresiboak behingoz hemendik joateko ordua bada" azpimarratuta, Zarautzen Guardia Zibilaren kuartelaren presentzia salatu du Ernaik, herenegun argitaratutako bideo batean. "Euskal Herriaren ukazioarekin, kolonialismoarekin, arrazakeriarekin, inperialismoarekin eta supremazismoarekin hausteko garaia" dela ere jarri nahi izan du mobilizazioaren ardatzean deialdia egin duen taldeak. "Espainolistei eta haien indar errepresiboei argi adieraziko diegu gure eredua beste bat dela: Euskal Herri aske, sozialista eta feminista baten eraikuntza ", aldarrikatu du Ernaik.