"Gerraren aurka antolatu eta saretu behar dugu, hori izan behar da gure lehentasuna"

Intza Trula

Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, elkarretaratzea egin dute arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan. Palestinari babesa adierazi diote herritarrek, bertan egiten ari diren genozidioa gelditzeko eskatzearekin batera.

Gernika-Palestina herri ekimenak Euskal Herri mailan deitutako mobilizazioekin bat egin dute arratsaldean Zarautzen. Lege Zaharren Enparantzan batu ziren herritarrak, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean, Palestinari babesa adierazi eta bertan egiten ari diren genozidioa irmoki salatzeko.

"Gerra ezin da ezeren irtenbide izan", zioen herri ekimeneko kideetako batek. Irtenbidea "elkarrizketan, negoziazioan eta elkarrizketa politikoan oinarritua" izan beharko litzatekeela esan du, eta horren aurrean Euskal Herrian "antolatzera eta saretzera" deitu ditu herritarrak. "Hori izan behar da orain gure lehentasuna", egin du azpimarra.

Gainera, hiru urte ondoren "Palestinaren egoera okerrera" doala ere ohartarazi du herri ekimeneko kideak: "Genozidioa eta horrek dakarren deshumanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hori normalizatu: gosea gerra arma gisa baliatzea; lurraldea inpunitate osoz berenganatzea; iazko urriko su eten adostutik ia 1.300 pertsona erail izana Israelgo estatuak, horietatik 270 haurrak; 8.000 gorpu errekuperatu ezinik Gazan…"

"Hori gutxi ez balitz" Zisjordaniako egoera "larriagotu" egin dela ere ohartarazi du: "Kolono israeldarrek 1.200dik gora eraso egin dituzte bertan: kanpamenduak suntsiketak egin, errepresioa areagotu eta kolonizazio prozesua azkartu dituzte".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide