Zarauzko Triatloi Elkarteko kide Eñaut Errazkinek (Zarautz, 1999) Kona irlan (Hawaii, AEB) jokatuko den Munduko Ironman txapelketan parte hartuko du larunbat honetan. Uztailean lortu zuen proba ikonikorako txartela, Gasteizko Ironman proban emaitza bikaina lortu ondoren.
Nola aurkitzen zara probaren atarian?
Urduri samar. Azken finean, dimentsioari dagokionez, inoiz parte hartu dudan probarik garrantzitsuena izango da. Distantziaz Gasteizkoaren berdina da, baina Hawaiikoa, Munduko Txapelketa izateaz gain, ironman modalitateko proba gorena da. Alde horretatik, beraz, urduri nago.
Etxeko lanak eginak dituzu, eta orain dortsala janzteko unea da. Zer moduz joan dira entrenamendu saioak?
Entrenamenduak bide onetik joan dira, espero bezala. Nik uste dut etxeko lanak ongi egin ditudala, eta probaz gozatzeko asmoarekin noa. Gasteizko Ironman proban sailkatu zinen Hawaiirako, duela bi hilabete.
Helburu hori buruan zenuela hartu al zenuen parte orduan?
Egia esan, triatleta askoren ametsa da noizbait Konako txapelketara sailkatzea, eta nik neuk ere amets hori baneukan, baina ez Gasteizen lortzea. Are gutxiago, modalitate horretan parte hartu nuen lehen aldia izanda. Gainera, iazko denborak behatzen aritu nintzen, eta ez nuen pentsatzen gertu ere geratuko nintzenik. Nire helburua zen, estreinakoa izanik, proba txukuna egitea eta sentsazio onekin amaitzea. Ez nindoan emaitza jakin baten bila, eta zer esanik ez Hawaiirako sailkapenaren bila. Beraz, hau guztia ezuste ikaragarria izan da.
Ezusteak, baina, erabaki bat dakar, ezta?
Hori da, bai. Sailkatu zarela esaten dizutenean, hausnartu behar duzu plaza hartu nahi duzun ala ez. Batzuk horren bila joan ziren eta sailkatu bezain pronto eman zuten baiezkoa. Nire kasuan, ordea, erabaki egin behar izan nuen. Izan ere, oso epe laburra ematen dizute horretarako: egun bat baino gutxiago. Aurtengo denboraldia Gasteizko Ironman probara bideratu dut, eta printzipioz, ez neukan besterik egiteko asmorik. Ez nuen aurreikusten beste prestaketa oso batean murgiltzea, baina aurrez Hawaiiko proba egin duten triatletekin hitz egiten aritu nintzen 24 orduko epe horretan. Hasieran ez joatea erabaki arren, pentsatu nuen ez dakidala aukera hau berriro izango dudan, eta beroan edo, baiezkoa eman nuen.
Kona hitz potoloak dira, ironmanaren sehaska baita. Errespetua sortzen al du han lehiatzeak?
Triatloiaren esparruan guztiek aipatzen duten proba da, bertaratzen diren parte hartzaileen mailagatik, baita hango baldintza gogorrengatik ere. Konan hezetasun handia dago urte osoan, tenperaturak ere oso altuak izaten dira eta haizeak ere gogor jotzen du. Hara iritsi eta bistaratu arte ez dugu jakingo zehatz zeri egingo diogun aurre, baina bertan lehiatu diren guztiek hala esan digute. Beraz, ikusminez noa Konara, eta, zalantzarik gabe, errespetu handiarekin.
Aztertu al duzu zirkuitua?
Triatleta gehienok ezagutzen dugun lasterketa da, hango ibilbidea oso ikonikoa delako. Gehienok ikusi dugu telebistan ibilbidea zein den, baina halere, Interneten kuxkuxeatzen aritu naiz. Edonola ere, probaren aurreko egunetan ibilbideko puntu kritikoenetara joateko intentzioa dugu, eta bertatik bertara ikusi zeri egin beharko diogun aurre. Behintzat, lasterketa jokatu aurretik dena ikustea ezinbestekoa izango da.
Azken bi hilabeteotan, Hawaiikoaren antzeko ibilbideak topatzen saiatu al zara prestaketa sakontzeko?
Hemen ohituta gauden ibilbideekin alderatuta, ez da horren ezberdina Hawaiikoa. Aldaketa gogorrena tenperatura da. Beraz, hango baldintzetara ohitzeko, arrabola gainean hainbat saio egin ditut tenperatura altua jarrita, gorputza nolabait bero horretara ohitzeko eta ongi egokitu dadin, errendimendua jaitsi gabe. Bestalde, ibilbideari lotuta, lan saioetan tarteka bide maldatsuagoak sartzen ahalegindu naiz. Hango zirkuitua ez da Gasteizkoa bezain laua, baina, esan bezala, baldintza klimatologikoek egiten dute benetan exijente.
Aurtengo uda oso beroa izan da. Agian, lagungarria izan da zuretzat?
Beste batzuetan freskura bila aritzen gara, eta, aurten, egin duen bero saparekin, Hawaiiko antzeko baldintzetan entrenatzeko aukera izan dut. Behintzat, burua engainatu ahal izan dut alde horretatik.
Helburuak zehaztea zaila da, baina zer emaitzarekin asebeteko zinateke?
Egia esan, sari gisa hartzen dut hara joatea, Konan lehiatze hutsa. Ez diot neure buruari zenbaki bat jarri nai, guztiek esaten didatelako proba oso gogorra dela. Lasterketaz gozatzera noa, gehienbat. Jakina, beti nahi izaten dugu proba txukuna egitea, zerbaitetarako entrenatzen baikara, baina hitzordu honetan, inoiz baino gehiago, helmugara iristea da helburua. Sentsazio onekin bukatu nahi dut, ez noa postu edo marka zehatz baten bila.
Aipatu duzunez, Zarautzen badira Hawaiiko Iromana egin duten hainbat triatleta. Aholkuak eskatu al dizkiezu?
Batzuk badira, bai: Julen Saldias, Ibon Oregi, Jon Unanue eta Xabier Altzibar. Guztiekin zerbait komentatu dut, eta bakoitzak eman dit bere aholkua, entrenamenduei begira eta hango ibilbideari buruz. Guztiek eman didaten mezua izan da probaz gozatzeko, aukera hau bakarra delako eta ez dakigulako noizbait errepikatuko den. Buruarekin jokatzeko eta aprobetxatzeko aukera, alegia.
Hawaiiko proba oso erakargarria da, baina ez da merkea. Bidaia finantzatu ahal izateko kamisetak eta biserak jarri zenituzten salgai. Nolako erantzuna izan duzue?
Hawaii oso urruti dago eta oso garestia da, eta inskripzioa bera ere ez da batere merkea. Beraz, Zarauzko Triatloi Elkarteak kamisetak eta biserak saltzeko ekimena jarri zuen martxan, eta oso eskertuta nago. Baita Zaik etxeari ere, ekimenarekin berehala egin zuelako bat. Herrian sekulako harrera izan du material salmentak, eta ez nuen uste horrenbeste jende animatuko zenik laguntza ematera. Zentzu horretan, harrituta eta biziki eskertuta nago. Bestalde, Metta bizikleta etxeak ere laguntza eman dit, mantentze lanekin eta abar. Beraz, guztiek jarri dute euren hondar aletxoa, eta plazer bat izan da jakitea herritarrak laguntzeko prest daudela.
Taldearen eta herritarren babesa itzela izan da. Larunbatean zu ikusteko pantailarik jartzeko asmorik ba al dute?
Hor dabiltza triatloi elkarteko batzuk zerbait pentsatzen. Proban lehiatzen ariko naizen unean gauerdia izango da hemen –hamabi orduko aldea dago–, eta tabernaren batean jartzeko eskatuko omen dute. Azkenean, telebistan ni ikustea zaila izango da, profesionalengan jarriko baitituzte foku guztiak.