Txapelketaz betetako asteburua izan da Lizardi-Zarautz judo klubeko judokentzat. Alde batetik, hiru kirolarik zuten hitzordua Espainiako Kadeteen Superkopan larunbatean, Santanderren. Igandean, berriz, Urnietan egin zen Gipuzkoako Txapelketa Absolutuan, klubeko hemezortzi ordezkari lehiatu ziren.
Martxel Eizagirre izan zen protagonista Santanderren. Izan ere, 90 kilo azpiko kategorian Espainiako Superkopako txapela irabazi zuen. Jokatutako bost borrokaldiak irabazita, lehiaketa bikaina osatu zuen Lizardi-Zarautzekoak, eta finalean ippon bidez hartu zuen mendean aurkaria. 57 kilo azpiko kategorian, aldiz, lehen eta hirugarren borrokaldietan gelditu ziren kalean Zarauzko kirolariak.
Hamalau domina etxera
Igandean jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa Absolutua Urnietako kiroldegian. Egun arrakastatsua izan zen Zarauzko kirolarientzat: izan ere, lehiatu ziren klubeko hemezortzi judoketatik hamalauk eskuratu zuten domina. Gainera, parte hartu zuten emakume guztiak itzuli ziren dominarekin etxera; 11, guztira. Horien artean, Eva Manzanas oriotarra nabarmendu zen, Gipuzkoako senior txapelketa bereganatu baitzuen, lehiaketa bikaina osatuta.
Asteburu oparoak indarrez bete ditu Lizardi-Zarautz klubeko judokak datozen hitzorduetarako.