Enbataren kolpe bikoitza

Aritz Mutiozabal

ZAEko arraunlariei eginiko harrera, igoerak lortutako igandean. (Julene Sorarrain)

Balentria historikoa lortu du Zarautz Arraun Elkarteak. Denboraldi ikaragarria osatu ondoren, emakumeen zein gizonen traineruek ametsa egia bihurtu ahal izan dute, eta datorren denboraldian maila gorenean lehiatuko dira.

Zarauztarrak binan-binan, nola bestela! Zarauzko herritarrei atxikitzen zaien sanbenitoa literalki bere egitea erabaki du Zarautz Arraun Elkarteak (ZAE), eta klubeko gizonek zein emakumeek, eskutik emanda, gorengo mailara igotzea lortu dute, denboraldi borobila osatu ondoren. Historikoa. Hori da askoren ahotan barra-barra zabaldu zen hitza ligan koska bat gora egiten zuten aldiro. Asteburuak aurrera joan ahala, Enbata-ren erauntsia gogorrago zetorren, banderak erdiertsiz eta zaleen aurrean ospatuz, baina benetako ekaitza lehertzear zegoen oraindik. Azken ahaleginean etorri ziren urdinen adore eta gar guztiak, eta igoerako kanporaketa dotore gaindituta, Eusko Label eta Euskotren ligetan lehiatuko dira datorren denboraldian. Zaleek ilusioz eta esker onez aitortu diete balentria historikoa.

Apenas egongo da klubik denboraldi berean gizonezkoen zein emakumezkoen traineruekin igoera lortu duenik. Horrek, gainera, are bereziago egiten du guztia. Zentzu horretan, lorpenak badu nolabaiteko balio erantsia. Zarautz Arraun Elkarteak harrobiko neska-mutilekin aparteko lana egiten du, eta, berdintasunaren ikuspegitik, bi taldeenganako apustu fidela egin du azken urteetan. Orain, gogotik egindako lanaren fruitua jaso du, ondo merezitako emaitza. "Ezin da gehiago eskatu", nabarmendu zuen hunkituta, ZAEko lehendakari Nagore Arrutik igoeraren ospakizunean.

Biaren zortea

Binan-binan ez ezik, bi zenbakia zorteko izan dutela esan beharra dago. Zarauzko bi traineruak bigarren postuan amaitu dute urtea: emakumeak Hondarribiaren atzetik, ETE ligan, eta gizonezkoak, berriz, Deusturen atzetik, KAE 1 mailan; gainera, biak txapeldunengadik bi puntura geratu dira sailkapen orokorrean. Horri esker, Eusko Label eta Euskotren ligetara igotzeko kanporaketetarako txartel bana lortu zuten, eta irailaren erdialdean Bermeon (Bizkaia) zein Portugaleten (Bizkaia) jokatutako jardunaldi haietan, bietan, bigarren sailkatu ziren. Kanporaketako lehenengo bi ontziak gorengo mailara igotzen direnez, sari bikoitzarekin itzuli ziren zarauztarrak etxera.

Sari potoloena hori izan bada ere, ez da bukatu berri den denboraldian lortu duten bakarra. Guztira, hamalau bandera irabazi dituzte ekaina eta abuztua bitartean: zortzi gizonek eta sei emakumeek. Baina lorpen guztien artean, bada bat benetan berezia izan dena: aurten arte Zarautz Arraun Elkarteak inoiz ez zuen lortu bere bi traineruek egun berean bandera irabazterik, eta ligako lehen jardunaldian eskuratu zuen, Astilleron (Espainia). Ondoren, beste hiru bider errepikatuko zuten: Zumaian, Castro Urdialesen (Espainia) eta Zarautzen bertan; eta asteburu berean, emakumeek Ondarroan (Bizkaia) eta gizonek Santanderren (Espainia). Ligako azkenaurreko jardunaldia izan zen etxeko estropada, eta Zarauzko Ikurriña irabazteak motibazio gehigarria eragin zien arraunlariei, epe laburrera zetozen bi hitzorduei aurre egiteko.

Zarauzko emakumezko eta gizonezko arraunlariak igoerak ospatzen. (Julene Sorarrain)

Kontxa izan da denboraldiko salbuespen bakarra, traineru bakoitza dantza soltean aritu dena. Izan ere, txanponaren bi aldeak ikusi zituen Enbata-k: emakumezkoak sailkatze proba gainditu eta iraileko lehen bi igandeetan lehiatu ziren Donostiako badian; gizonezkoak, aldiz, oso gutxigatik bada ere, kanpoan geratu ziren, bederatzigarren sailkatuta. Emakumeak lehen aldiz aritu ziren Kontxako Banderaren lehian –aurrez, Getaria-Zarautz bezala izanak ziren–, eta balentria hori opari bat gehiago izan zen osatutako denboraldi bikainaren barruan. Sailkapen orokorrean zortzigarren postuan amaitu bazuten ere, goiko taldeekin parez pare lehiatzeko adina maila dutela erakutsi zuten.

Baita erakutsi ere; ez emakumeek bakarrik, baita gizonek ere. Eusko Label eta Euskotren ligetarako play-off-a horren erakusle garbia izan da. Lehen mailari eusteko borrokan aritu ziren faboritoen –emakumeetan, Donostiarraren eta gizonetan, Aresen– aurretik geratu ziren etxeko bi taldeak, igoera kanporaketetan, ligetan bezalaxe, Hondarribia eta Deustu nagusitu ziren bitartean. Zarauztarren poza zaleen eta herri osoaren emozioarekin kutsatu zen, eta Zarautzera itzuli zirenean harrera sentitua egin zioten ehunka herritarrek. "Horrenbeste jende, zahar, gazte, heldu, ume... urdinez jantzita ikusteak poz handia eta harrotasuna ematen ditu. Lana ondo egin dugulako izango da!", aditzera eman zuen Gaizka Garmendia gizonen patroiak.

Debuta eta itzulera

Erronka zaila izan arren, ametsa egia bihurtu du Zarautzek, eta datorren denboraldian goreneko mailan lehiatuko da. Emakumeek debuta egingo dute Euskotren ligan, eta Juanjo Etxarte entrenatzaileak onartu du urte "polita" izango dela, baina, era berean, "zaila". "Gauza asko egin beharko ditugu, eta borroka egin beharko dugu, noski. Baina borroka hori ez dadila izan azken postuak saihesteko. Nik uste dut Enbata-ko arraunlariak prestatuta daudela, eta erakutsi dute goiko ligakoekin mokoka aritu daitezkeela", azpimarratu du. "Saiatuko gara ahalik eta lanik txukunena egiten. Mailari eustea izango da gure lehenengo helburua, baita disfrutatzea ere. Zaleak orain arte bezala hor jarraitzen baldin badute, ziur gure kasta aterako dugula", izan ziren Nahikari Osaren hitzak ospakizun betean.

Gizonentzat, ordea, ez da izango lehen mailan parte hartuko duten estreinako aldia. 2003an, TKE liga sortu berritan, lehiatu ziren hamabi traineruetako bat izan zen, baina urte hartan bertan maila galdu zuen. Hiru urte geroago itzuli ziren, 2006an, Jose Ramon Mendizabal Mendi entrenatzailearen gidaritzapean; lau denboraldi bikain osatu zituen Enbata-k, orain arteko sailkapenik onenak erdietsiz bai ligan eta bai Kontxan. Ziklo baten amaierarekin, 2010ean maila galdu eta KAE 1 mailara jaitsi zen; zenbait urtetan, gainera, KAE 2 mailan ere aritu zen. Hain justu ere, behe-behean zela hartu zuen taldea Gari Uranga entrenatzaileak, 2017an, eta bi denboraldiren buruan berriro ere Eusko Label ligaraino igoarazi zuen. 2020an itzuli ziren hirugarrenez goiko kategoriara, eta nekez, baina, play-off-etan eutsi zioten mailari. Hurrengo denboraldian, Asier Puertas entrenatzaile berriarekin, KAE 1 mailara jaitsi ziren. Bost urte geroago, Uranga etxera itzuli da, eta hagaxka magikoa izango balu bezala, goi mailara eraman ditu Zarauzko arraunlariak.

Zaleak pozarren gizonezkoen 'Enbata'-k igoera lortu zuen unean. (Aitor Arrizabalaga/TKE)

Eta datorren denboraldiari begira, zer diote beteranoenek? "Mutilak lehen ere Eusko Labelen arituak garen arren, iruditzen zait neskek ikaragarri gozatuko dutela goiko mailan", dio Gaizka Garmendiak. "Duela bost urte maila galdu genuenean, eta taldea pixka bat kinka larrian geratu zenean, trainerua uretan mantentzeko ahalmena izan zuten mutil kuadrilla bat geratu zen. Nik uste dut igoera hau mutil horientzako saria dela, eta merezi dutela hor lehiatzea. Gainera, baikorra izango naiz. Beste urte batzuetan goiko mailara igotzeak ilusioaz gain, beldur pixka bat sorrarazten zigun, maila handia dagoelako, baina egoera eta une onean gaudela esango nuke. Lehian arituko garen itxaropena daukat", gaineratu du.

Gari Uranga entrenatzaileak argi utzi nahi izan du gustatuko litzaiokeela igoera "zerbaiten hasiera" izatea: "Goiko mailan ahalik eta urte gehien mantentzea izan beharko luke gure helburuak". Azken finean, play-off kanporaketa jokatu bezperetan azaldu bezala, emakumeen nahiz gizonen taldeak mailaz igotzeak ondorio positiboak ekarriko lituzkeela iritzi dio. "Traineru nagusiak goi mailan daudenean harrobia lantzea errazagoa da, haur gehiago animatzen baitira arrauna probatzera. Azken finean, gazteek ispilu bat behar dute, eta telebistan herriko arraunlariak ikusteak arrazoi gehiago ematen dizkie kirol hau probatzeko". Orain, balentria historikoa lortuta, eta herrian egindako harrera jendetsua bezain gogogoangarria kontuan izanda, laster izango dira gaztetxoak binan-binan Zarautz Arraun Elkarteko atea joka, zorioneko abestia xuxurlatuz: "Enbata! Gure Enbata! Euskal Herriko onena da-ta!". •

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide