Partida gogor baten ostean, bi golengatik menperatu zuen O.A.R Coruña taldeak Amenabar Zarautz. Larunbatean jokatu zuten neurketa, eta San Francisco Javier kiroldegiko kantxa leporaino bete zen zaletuz. Azkenean, norgehiagoka 28-26 amaitu zen.
O.A.R Coruña taldearen aurkako partida ez zen lan erraza izan Mikel Agirrezabalaga Kapaxko-ren mutilentzat. Ez ziren jokalari denak joan A Coruñara (Galizia), izan ere, Joel Baltasarrek bosgarren metakarpoa apurtu du, eta Alberto Agirrezabalagak ezin izan zuen bidaiatu.
Hala ere, ederki hasi zuten partida zarauztarrek. Jon Etxebarria atezainak jaurtiketa asko gelditu zituen lehen zatian, eta Amenabar bost goleko aldearekin iritsi zen atsedenaldira. Bigarren zatia ere gogotsu eta animoz hasi zuten, lehen zatian lortutako bentajari eusteko helburuarekin. Partidaren 45. minutuan lau goleko aldearekin zihoazen zarauztarrak, baina partida luze joan zitzaien, eta eskuratutako aldea pixkanaka-pixkanaka galtzen joan ziren. Lehen zati paregabea egin arren, jokozainak txistua jo eta 28-26 amaitu zen partida, O.A.R Coruña taldearen alde.