Zarauzko Kirol Elkarteko halterofilia klubeko Alex Balentziagak, Lide Mendizabalek eta Lore Mendizabalek Euskadiko selekzioa ordezkatu dute Alemaniako Meissen hirian jokatu den Pokal der Blauen Schwerter nazioarteko txapelketaren 35. edizioan.
Euskal Selekzioak txapelketan parte hartzen duen bigarren aldia da, eta taldekako sailkapenean bigarren postua eskuratu du, 1.614 punturekin. Aurtengo edizioan, guztira 46 kirolarik parte hartu dute, hogei kirolarik gizonetan, eta 26k emakumeetan.
Zarauztarrek bakarkako lan paregabea egin zuten. Balentziagak abiadako ariketan 115 kilo jaso zituen, eta bi denborakoan (karga eta bultzada), berriz, 145 kilo. Horrela, guztira 260 kiloko olinpikoa osatu zuen. Lide Mendizabalek, ostera, 68 kilo altxatu zituen abiada ariketan, eta bi denborakoan 92 kilo, guztira 160 kiloko olinpikoa eginez. Lore Mendizabalek abiada ariketan 60 kilo eta bi denborakoan 75 kilo erregistratu zituen, guztira 135 kiloko olinpikoa lortuz.
ZKEko halterofilia taldearen hitzetan, txapelketak Zarauzko harrobiaren maila eta etorkizun oparoa agerian utzi ditu beste behin. Halaber, jakinarazi dute bakarkako lanak zein esperientziak balio handia izan dutela zarauztarren hurrengo helburu nagusiak prestatzeko.
Alemaniako esperientziaren ondoren, ZKE halterofilia klubak honako egutegi hau du udazkenerako:
Urriak 10
- Euskadiko junior mailako txapelketa, Zizurkilen (Gipuzkoa).
Urriak 12
- Junior mailako Europako Txapelketa, Durresen (Albania).
Urriak 25
- Espainiako 15 urtez azpikoen txapelketa, Oviedo (Espainia).
Urriak 31
-
Espainiako Erreginaren Kopako igoera fasea, ZKEko emakumeen taldearekin, Zaragozan.
Azaroak 14
- Espainiako junior txapelketa, Ourensen (Galizia).
Azaroak 28
- Espainiako Erregearen Kopako eta Espainiako Erreginaren Kopako azken fasea, Zarautzen.