Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka mobilizatuko da bihar Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialista

Enara Ariznabarreta

San Pelaio jaietan egindako argazkia. (Utzitakoa)

13:00etan hasiko dute mobilizazioa, Lege Zaharren Enparantzan. Espekulazioaren aurka, etxebizitza denontzat! lelopean, etxebizitza eskubidea aldarrikatu eta espekulazioaren aurka protesta egingo dute.

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizaziora deitu ditu bihar herritarrak. 13:00etan, Lege Zaharren Enparantzan bilduko dira etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta espekulazioaren aurka protesta egiteko, Espekulazioaren aurka, etxebizitza denontzat! lelopean.

Sindikatuaren hitzetan, etxebizitza osasungintza eta hezkuntzaren pare bermatutako eskubidea izan beharko litzateke, eta hori lortzeko "oztopo nagusia etxebizitza negozioa da". Era berean, etxebizitza negozio iturri den bitartean, ez dela eskubide kolektibo gisa bermatuko nabarmendu dute. Horren aurrean, putre funtsen, eraikuntza enpresen, bankuen eta errentarien aurka egitea beharrezkoa dela adierazi dute, eta horretarako, "espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxegabetze guztiak geratzea" ezinbestekoa dela.

Halaber, argi urtzi dute "aurrerapauso horiek ez direla gaur egungo alderdi politikoen eskutik etorriko", izan ere, "alderdi gehienek sektore errentadunei men egiten diete eta guztiek beren interes elektoralistak lehenesten dituzte". Hori horrela, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizazioarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei, kaletik, antolatuta eta helburu definituekin aldaketak bultzatzeko. Era berean, sindikatura batzeko gonbidapena ere luzatu dute, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko indarrak batzea beharrezkoa dela nabarmenduta.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide