80ko eta 90eko hamarkadetako musikari keinu berezia eginez hasi dute Adarretatik jaialdia

Enara Ariznabarreta

Atzo hasi zen 9. Adarretatik musika jaialdia, Nhil, El inquilino comunista eta Gailu taldeen emanaldiekin. Egitasmoak gaur eta bihar jarraituko du herriko txoko ezberdinetan.

Atzo ekin zioten Adarretatik musika jaialdiaren bederatzigarren edizioari. Enbor elkartearen ekimenez antolatzen den jaialdiak aurten emakumeen presentzia eta protagonismoa indartu nahi izan ditu, eta bertaratzen direnek hortaz gozatzeko aukera izango dute. Betiko ildoari jarraituko dio jaialdiak, eta osagai erakargarriz betetako egitaraua prestatu dute, hainbat estilotako bederatzi musika proposamenekin.

Nhil taldea izan zen jaialdia irekitzeaz arduratu zena. Pop-funk estiloko doinuez jantzi zuten Musika Plazako kioskoa aretxabaletako neska-mutilek. Inguruko tabernetan poteoan ari ziren herritarrek iluntze eta ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten. 

Malekoiko iluntzeko kontzertuei dagokienez, El inquilino comunista talde mitikoa izan zen oholtzara igotzen lehena. Hasiera batean, Victor Coyote iragarri zuten gonbidatu gisa, baina, zoritxarrez, abuztuan auto istripu batean zendu zen. Hori horrela, 80ko eta 90eko hamarkadetako musikari keinu berezia eginez abiatuko zituzten agertoki nagusiko kontzertuak, eta Getxo Sound mugimenduaren ordezkari nagusienetako baten rock eta noise-pop doinuak izan ziren nagusi.

Jarraian, Gailu taldea ere igo zen Duke Eneako oholtza gainera. Okene eta Mikel Abrego anaiek eta Hodei Esteban zarauztarrak osatutako hirukoak euskal sustraiak eta doinu garaikideak ekarri zituzten Zarauzko Hondartzara, elektronika, rocka eta hip-hopa tartekatuz.

Gaur eta bihar Adarretatik musika jaialdiak aurrera jarraituko du, eta hainbat estilo desberdinetako musika proposamenak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Gaur, larunbata

  • 11:30etatik 14:00etara. Odol gaztea brass band, herriko kaleetatik Musika Plazara.
  • 20:00etatik 21:30etara. La ola maldita, Surtidor kafetegian.
  • 22:00etatik 23:15era. Patricia Reckless with The Cherry Boppers, malekoian.
  • 23:30etatik 01:00era. Brigitte Emaga with Soundara Collective, malekoian.
  • 01:00etatik 03:30etara. Chica Tequila DJ, Marina Txiki tabernan.

Bihar, igandea

  • 18:30etatik 20:00etara. Femmm Vocal Jazz, Musika Plazan.
  •  

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide