XIX. Francisco Escudero Nazioarteko Lehiaketaren sari banaketa egingo dute Modelo aretoan

Eneko Eizagirre Perez

Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketaren emanaldi bat. (Hauspoz elkartea)

XIX. Francisco Escudero Nazioarteko Lehiaketaren sari banaketa egingo dute Modelo aretoan urriaren 11n, 12:30ean. Musikene Akordeoi Ensemblek girotuko du eguerdia, nazioarteko hainbat lan esanguratsu interpretatuz. 

Francisco Escudero Nazioarteko Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute urriaren 11an, 12:30ean, Modelo aretoan. Musikene Akordeoi Ensembleren eskutik, azken urteetan akordeoirako landutako nazioarteko hainbat lan interpretatuko dituzte ekitaldian.

Hauspoz Euskal Akordeoi Elkartearen ekimenez, hemeretzigarren aldiz ospatu dute akordeoi konposizio lehiaketa. Aurtengo edizioan, 48 herrialdeetako hainbat konpositorek 125 obra aurkeztu dituzte, munduko bost kontinenteetako parte hartzaileak elkartuz.

Aretoan entzun ahal izango diren piezen artean, Fran Barajas konpositoreak El olor de la guayaba akordeoirako egindako lana entzun ahal izango da. Halaber, Cristoffer Haard musikariaren Lunga abestia ere interpretatuko dute Marco Sevarlice zuzendariak gidatutako musikariek. Azken honek epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen pasa den urteko lehiaketan.

Cristovao Almeidak Akordeoi Ensemblerako sortutako Stimming on checkered bellow lana entzuteko aukera ere izango da. Aurreko edizioko modalitate pedagogikoan garaile suertatu zen abesti hau, hain zuzen ere. Gainera, Dvoraken eta Araguesen piezak interpretatuko ditu Musikene Akordeoi Ensembleak.

Hauspoz Euskal Akordeoi Elkartea 1974an sortu zuten, eta ordutik erreferente bihurtu da akordeoiaren konposizio garaikidearen alorrean nazioarte mailan. Urtez urte, bost kontinenteetako konpositoreek Zarautzen egiten dute topo, eta beraien musika biziarazteko eta publiko berrietara hurbiltzeko aukera berezia izaten dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide